Hilketa salatzeko hainbat lagun atera ziren kalera
Aginduak betez, 1984ko azaroaren 20an tirokatuta hil zuten Santi Brouard lekeitiarra bi mertzenariok, bere kontsultan Medioetara eginiko deietan bere gain hartu zuen GALek Brouarden kontrako atentatua. “Indarkeria handia zegoen, eta negoziazioaren beharra argia zen alderdi guztientzat, baina estatuaren aldetik interes handia zegoen negoziazio hura gerta ez zedin, gaur arte luzatutako inposizio estrategia mantentzeko. Abagune horretan, aita arriskutsua zen: bere izaeragatik, inguruagatik, eta oso maitatua zelako, bide horretan aurrera egiteko aukera asko zituen». Edurne Brouarden berbak dira, Santi Brouarden alaba.
GALek (Askapenerako Talde Antiterrorista) erail zuen Santi Brouard. 30 urte joan dira GAL sortu zutenetik. 1983. urtean PSOE zen aginteanEspainian, eta Felipe Gonzalez zen presidente. Baina Luis Carrero Blanco jotzen dute ETAren kontrako gerra zikinaren lehen bultzatzaile, nahiz eta lehen ekintzak haren kontrako atentatuaren ostekoak izan. Gerra zikinaren lehen belaunaldia izan zen hura, eta Franco hil ostean, UCDren gobernuaren garaian, hainbat siglapean jardun ziren: ATE, GAE, Triple A eta BVE. Ostean sortu zuten GAL, eta ETArekin hasitako negoziazioak zapuztea zuen helburu, besteak beste. Izan ere, Espainiako Gobernuarekin negoziazio mahai bat sortzeko borondatea agertu zuen ETA Militarrak 1983an.
Santi Brouard bera ez zen ETAko militantea, baina politikagintzan murgilduta zegoen urte hartarako. ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioetan Brouardek bitartekari lan garrantzitsua egin zuen. Lehenengo momentutik adierazi zuten hainbat buruzagi politikok hilketa hori ez zela kasualitatea izan. Elkarrizketarako jarrera irekia zuen, ezker abertzalean pisu politiko handia, eta Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketa bultzatzeko zubi-lana egiten ari zenean hil zuten.
Hilketaren berri jakin orduko, erreakzioak, protestak eta zurrunbilo handia sortu zen. Atentatua gertatu eta denbora gutxira ia komunikabide guztietara eginiko telefono deietan GALek hartu zuen bere gain hilketa, eta HBko kide eta buruzagi gehiagoren kontra atentatuak egiten jarraitzeko mehatxua ere egin zuen. Geroago, beste dei batean, frantsesez, eta GALen izenean, gezurtatu egin zuten atentatua beraiek egin izana.
Brouard auzian bi epaiketa egin dira. Aurrenekoan, Rafael Lopez Ocaña 33 urtera zigortu zuten, atentatuaren egile zuzena izatea egotzita; eta Jose Luis Diaz El Frances zortzira, atentatua egiteko armak eman zituelakoan. Agindua nork eman zuen eta gainerakoak ez dira argitu, ordea. 2003an, beste epaiketa bat egin zuten. Luis Morcillo Pinillos, Jose Amedo polizia eta Rafael Masa guardia zibila epaitu zituzten, baina errugabetzat jo zituzten.
Brouard: gizon konprometitua
Ipar Euskal Herrian bi urte eman ostean, 1977ko amnistiarekin bueltatu zen Brouard hegoaldera. Orduan sortu zuen HASI (Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea), eta hango buru legez sartu zen Herri Batasuna koalizioan. Sozialista eta iraultzailetzat zuen bere burua, eta baita bere alderdi politikoa ere. «HASI ez da klaseartekoa, baina Herri Batasuna (HB) bai, eta uste dugu hori ona dela. Herritar batasuna da eta, oraindik behintzat, herri guztia ez da sozialista», zioen. HBren ordezkari izan zen Eusko Legebiltzarrean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan. Herri Batasunak, baina, ez zuen erakunde horien jardunean parte hartzen. Era berean, Bilboko alkateorde ere izan zen.
Lekeitiarra sortzez (1919 – Bilbo, 1984), gaztetan bi arreba hil zitzaizkion, eta horrek bultzatuta ikasi zuen medikuntza, pediatrian espezialializatuz. Bilbon zuen kontsulta, eta baliabiderik ez zutenei ez zien kobratzen. Han erail zuten, bi urteko ume bat artatzen ari zela.
Sei tiro1984ko azaroaren 20a zen, 18:00ak aldera. Rekalde Zumarkaleko 12an zuen kontsulta Brouardek; bi ezezagun hara sartu eta tirokatu egin zuten. Sei tiro jaso zituen, buruan bost eta bestea eskuan. GALen agindupean lekeitiarra tirokatu zuten bi mertzenarioek armak han bertan utzi zituzten.
1984ko azaroaren 21ean Bilbon «dena itxi» zuten langileek, eta asko eta asko izan ziren hilketa hori gaitzesteko kalera atera zirenak. «Harrigarria izan zen, ordura arte ikusi gabeko mobilizazioa», dio Edurne Brouardek.
BERRIAk GALi buruz egindako multimedia osoa
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.