Ehundaka zinezale batu ditu Lekeitioko Euskal Zine Bileraren hasiera ekitaldiak
Ikusgarri aretoak gainez egin zuen atzo, Euskal Zine Bileraren hasiera ekitaldian. Estreineko egiten zen ekitaldiak ikaragarrizko ilarak eragin zituen areto kanpoan hasi baino ordu erdi lehenago. Ehundaka zinezalek erantzun zioten lehen hitzorduari.
Puntu puntuan hasi zen ekitaldia. Iñigo Aranbarri aktorea, aterkin bat eskuan, oholtza gainera igo zen eta aurtengo bileraren nondik norakoak aipatu zituen. Ondoren, Mireia Gabilondo eta Karmele Jaiok Amaren Eskuak filma aurkeztu zuten. Filmak Lekeitiorekin lotura berezia duela azaldu zuten egileek eta beraz, bertan aurkeztea ere berezia zela.
Emanaldi amaieran, txalo zaparradagaz zoriondu zituzten Karmele jaio eta Mireia Gabilondo guztiz hunkitutako ikusleek.
Film laburren lehiaketa Atzo hasi zen ekitaldia, eta bihar hasiko da lehiaketa. Bihartik aurrera, aurretik ikusi gabeko film ugari eta beste jaialdi batzuetan estreinatutako eta saritutako hainbat lan eskainiko dituzte Lekeition. Horrela, bihar, 19:30etik aurrera, hiru lan profesional, bi amateur eta Gazte 22 sailaren barruan aurkeztutako lan bat egongo dira ikusgai areto barruan zein kanpoan.
Profesionalen artean, Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan zen Asier Altunaren Zela Trovke ikusi ahal izango da. Antzinako melodia eslovakiarra jo eta kantatzen duen Holandako orkestra –eta bertako kide den Maite Larburu hernaniarra– du abiapuntu filmak. Eukeni Arriortua Barrenetxea durangarrak Aiko Taldea: Dantza Plazara aurkeztuko du, eta Txatxilipurdi elkarteak hiztunen arteko hesiak bota nahi dituen dokumentala aurkeztuko du lehiaketara: Hesiak gainditzen.
Amateurren artean, bi lan: Paula Besga Casamitjanak Getxo herri tradizionala eta antzinako burgesiaren inguruko gogoeta bat eskeiniko du, Getxo, azala eta barrena, eta Khuruts Begoña Urrutia zumarragatarrak Karramarruaren desira.
Azkenik sortu berri den Gazte 22 sailean, Itsaso Frau Terradillosen Badira Bagara lana ikusteko aukera egongo da. Erriberan euskaraz bizitzeko ahaleginak kontatzen dituen filma.
Umeentzako zine emanaldiak 36.Euskal Zine Bilerak badu beste berrikuntza bat. Aurten, herriko ikastetxeentzako euskarazko zine emanaldiak emango dira Ikusgarri Aretoan. LH1etik LH6ra bitarteko ikasleei zuzenduko zaizkie euskarazko filmak. Horrela, bihar, azaroaren 26an, 10:45ean, Juanba Berasategik eginiko Barriola San Adriango Azeria animazio filma proiektatuko da. Orain dela berrehun edo hirurehun urteko Aizkorri aldeko bizimodua agertzen da istorioan: ikazkinak, olak eta bidelapurrak berezik. Eguenean berriz, azaroaren 28an, ordu berdinean Aita zonbia naiz emango dute Digital Dreams Films eta Abra Producciones etxeek ekoitzi dutena ETBren laguntzarekin.