Historia handia zeukan barruan
Hilario Ugarteburu Meabebasterretxeak (Berriatua 1924-Amoroto 2013). Horixe zen, liburu zabal eta handi bat. 89 urte luzez bizi izan ostean, atzo itxi zen liburu handiaren tapa lodia. Alor desberdinetan abila izanagatik ere,
bertsotan zeukan gaitasunarengatik nabarmendu zen Hilario, kopla kantari eta bertsotan ibiltzeagatik.
Berriatuko Milloi auzoan jaio zen Hilario, Ikaranagusi baserrian. Aita hangoa zuen, eta ama, Ziortza-Bolibarkoa. Aitak seme bi eduki zituen lehenengo emazteagaz, eta alargundu ostean, haren ahizpagaz ezkondu eta beste hamabi seme-alaba eduki zituen. Hilario haietatik bigarrena zen. 36ko gerran zazpi hilabetez egon zen Berriatuko frontean. 1945ean soldadutzatik ihes egin zuen, eta Gurs-eko kontzentrazio esparruan egon zen hilabete batzuetan. Handik, erbestean zegoen Jaurlaritzak paperak eginda, erresidentzia eta lanerako paperak eskuratu zituen, eta Behe Nafarroan, Gamarten, egon zen baserriko beharrak egiten, morroi. Denetara, 19 urte egin zituen Hilariok erbestean.
10 urte zeuzkala hasi zen Santa Agedako koplari: etxe bakoitzean koplak asmatzen zituen. Bat-batean aritu izan zen bertsotan Berriatuan, eta Iparraldean ere bai, hainbat bertsolari ezagunegaz.
43 urte zituela ezkondu egin zen, eta handik gutxira Amorotoko Goiogane baserrira joan zen bizitzera. Han bizi izan da ordutik, alaba eta bilobekin.
Liburua itxi da, baina betirako geratuko da irakurtzeko moduan haren bizitza, Ahotsak ekimenak 2011n egindako elkarrizketetan, besteak beste.