Agirregomezkorta, planaren berri ematen
Herrigunerako planarekin pozik dago udala.
«Oraindik egokitzapenak behar ditu eta landu beharreko puntu ilunak dauzka, baina herriguneak asko irabazi duelakoan gaude», adierazi du Joxan Agirregomezkorta Gobernazio buruak.
Planaren balorazioa egiteko, alde batetik, herriguneko dendarien iritzia jaso nahi izan du udalak, inkesta bidez. Emaitzen ondorioz,
aldaketa bat edukiko du planak: Erdiko kalea 11:00etan itxi beharrean, 12:00etan itxiko da, «dendarien beharrizanei hobeto erantzuteko».
Beste alde batetik, udaltzainei gaur egungo herriguneran egoera aztertzeko eskatu zieten. Udaltzainek egindako txostenaren ondorio nagusia hurrengoa izan da: «Herrigunean jendea lasaiago ibiltzen da. Ez dago lehen bezalako zirkulazio arazorik, eta aparkatzeko denbora mugatua denez, sarri askotan dago autoa lagatzeko aukeraren bat. Horrek kaleari beste lasaitasun bat ematen dio».
Izan ere, trafiko planaren arabera, Goiko Plazan, Beheko plazan eta Barren kaletik komenduraino dauden aparkalekuak 30 minutuz erabil daitezke. «Neurri horrekin jendea herrigunera etorri eta erosketak edo dena delakoa erosotasunez egiteko aukera ireki nahi zen, eta horrela dela ziurtatu digute udaltzainek», adierazi du Agirregomezkortak.
Fondaberrin, eskaera altua
Zirkulazio planarekin batera,
Fondaberri aparkalekuari lotutako neurria ere martxan jarri zuen udalak, haren erabilera sustatzeko helburuarekin. Urtean 10 euroren truke, egunero ordu eta erdi doan aparkatzeko txartelak atera ziren. 228 herritarrek daukate horrelako txartel bat. Ibilgailuei herrigunetik kanpo aparkatzeko alternatibak eskaini asmoz,
aurrera begira, egunero hiru ordu doan aparkatzeko aukera ematen duen txartela ateratzeko asmoa dauka udalak, 20 euroren truke.