Azokaren aurtengo irudia
Izen laburragoagaz, baina hedapen zabalagoagaz dator aurten orain arte Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka bezala ezagutu izan dena. 48. edizio honetatik aurrera, Durangoko Azoka izena hartuko du, jadanik ez dituelako soilik liburuak eta diskoak biltzen. Hori bai, aurreko urteetan legez, ehunka nobedade eta ekitaldi hartuko ditu oraingoan ere, eta horien artean izango dira Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko sortzaileen dozena batetik gora lan ere.
Gaur irekiko dute azoka, eta domekara bitartean egongo da zabalik. Egun tarte horretan, guztira, 353 nobedade bilduko ditu: 226 liburu, 68 disko, 36 aldizkari, bost bideo eta bestelakoen hemezortzi produktu. Horregaz batera, gainera, 130 bat ekitaldi ere badakartza; hala nola, aurkezpenak, emanaldiak, tailerrak, hitzaldiak…
Urtero legez, berritasun horien artean Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko sortzaileen lanak ere egongo dira. Liburuen artean, esaterako, Alaine Agirrerena, Elisabete Alberdirena, Adolfo Arejitarena, Leire Bilbaorena, Karmele Jaiorena, Irati Jimenezena edota Alex Sarduirena daude, kasurako. Diskoen artean, ostera, Keu Agirretxearena, Audiencerena, Eraturena, Ken Zazpirena, Nabilena, Antton Aranbururena, MacOnakena, Bullets of Miseryrena edota Jainko Txiki eta Jostalari Hurarena erosi ahal izango dira, besteak beste.
Dena den, diskoak eta liburuak salerostea baino askoz gehiago izango da azoka, antzezlanek eta musika emanaldiek, esaterako, berebiziko garrantzia izango baitute. Zapatuan, adibidez, antzerki maratoia hartuko du Szenatokia guneak, eta bertan, zortzi antzerki taldek euren saioa eskainiko dute hamabosna minutuko tartean. Domekan, gainera, Eneritz Artetxe aktoreetako bat duen
Konpota antzezlana estreinatuko dute. Musika emanaldiei dagokienez, 50 zuzeneko baino gehiago eskainiko ditu azokak: Ahotsenean izango dira 40, eta hamahiru Plateruenan. Azken horrek, baina, joan den astean abiatu zuen bere programazioa.
Iaz baino saltzaile gutxiago
48. Durangoko Azokan, oro har, 122 entitatek parte hartuko dute, iaz baino bost gutxiagok; eta horien guztien artean 238 saltoki jarriko dituzte, iaz baino hamabost gutxiago.
Aurten, bestalde, gerrikoa estutu behar izan du Gerediaga elkarteak, murriztu egin baitiote aurrekontua. Hala ere, iaz hartutako neurriari eutsita, aurtengo azokak ere lau egun izatea erabaki du.
Hala, Ikasleen Eguna berreskuratuta, atzo ireki zituen ateak Durangoko Azokak. Ekitaldiz eta tailerrez osatutako egitaraua izan zen, baina, ikasleentzako ez ezik, gainontzeko bisitarientzako ere martxan izan ziren gune guztiak. Saguganbara guneko areto txikian, esaterako, Yolanda Arrieta etxebarritarrak zuzendutako idazle tailerra izan zen; Ahotsenean, Irati Jimenez mundakarraren liburuaren aurkezpena eta Kirmen Uribe ondarrutarrak parte hartzen duen Jainko txiki eta jostalari hura ikuskizuna; Areto Nagusiak, berriz, Asier Madarieta eatarraren hitzaldia hartu zuen.
Aurtengo edizioak “kulturaren plaza” izan nahi du; alegia, biltzen dituen zazpi guneak Durango osora hedatu nahi ditu azokak. Beraz, guneak berdinak izanik ere, kokapena da aurten aldatuko dena.
Aldatuko ez dena Argizaiola Saria ematearena izango da. Aurten William A. Douglass antropologoari emango dio sari hori Gerediaga elkarteak, “euskal kultura eta diaspora ikertu eta zabaltzeagatik”. Amerikako Estatu Batuetako mendebaldeko euskal immigrazioaren aditurik garrantzitsuenetarikoa da Douglass, eta ikerketak egin ahal izateko, Euskal Herrian bizi izandakoa ere bada: lehenengo Etxalarren bizi izan zen, eta gero Aulestin.
Herrialde gonbidatua: Eskozia
Aurreko urteetan legez, herrialde gonbidatu bat ere izango da aurtengo azokan ere: Eskozia. Horrenbestez, Durangoko Azokak herrialde horretako kultura eta hizkuntza propioa ezagutzeko aukera emango du, musika emanaldien eta mahai-inguruen bitartez, besteak beste.