Etxebarriko Gazte Asanbladak 20 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko, gazte asanbladako lehengo eta oraingo kideek historiari eta istorioei errepaso ederra eman diete. Kalamuko magalean bizi ziren gazteek «antzeko premiak» sentitu, eta elkartu egin ziren duela hogei urte. Hortik sortu zen Etxebarriko Gazte Asanblada, eta gaur egunera arte martxan jarraitu du.
Gazte asanblada sortu aurretik bazegoen herrian mugimendua: arte eskola, antzerki taldea, eta baita Euskal Herrian Euskaraz ere. Azken horren ekimenez,
Berbalapiko aldizkaria sortu zuten.
Etxebarriko Gazte Asanbladako lehenengo kideak harri bolaren bueltan
Mugimendu horien bueltan,
1993an sortu zen Etxebarriko Gazte Asanblada. Orduko gazteek diotenez, «premia batzuk» sentitzen zituzten. «Kalean elkartzen ginen, eta jakin genuen beste herri batzuetako udalek lokalak uzten zizkietela gazteei», esan dute gazte asanbladako lehenengo kideek. Horrela pentsatu zuten eurek ere eskaria egitea. Ez zuten lehenengoan baiezkorik jaso, ordea. Beraz, konpromisoa hartu zuten udaleko kultur taldeen batzarretara joan, parte hartu, jaiak antolatu eta noizean behin jarduerak egiteko.
Eta, horren ondorioz, gaur egun gazte lokala hartzen duen lekua eskaini zien udalak, egungoaren erdia inguru. «Ahal genuen moduan atondu genuen, kreatibitatea erabiliz», gogoratu dute. Han hasi zen batzartzen Etxebarriko Gazte Asanblada. «Bi hilero jarduera bat egiteko konpromisoa hartu genuen, eta gauza txikiak, ahal genituenak, diru barik eta geure artean egindakoak sortzen hasi ginen gutxinaka-gutxinaka», diote.
Eup irratia ere orduan ipini zuten martxan Markina-Xemeinen, eta han ere tartea zeukan Etxebarriko Gazte Asanbladak. «Bi ordu ingurukoa izaten zen, zapatu arratsaldeetan».
Kontzertuen garaia
EH Sukarra, Etsaiak, Gari, La Polla, SA, Aterkings, Txapel Punk, MCD… orduko talderik onenek jo zuten garai hartan Etxebarriko frontoian, gazte asanbladak antolatuta. Gazte lokalean sartu zirenean hasi zen garai hori. «Orduan hasi zen gazte asanblada metodikoagoa izaten», diote.
Lehenago ere egin izan ziren kontzertuak, eta hortik sortu zitzaien berriro antolatzeko harra. Lehenengo urtean 1.000 lagun inguru batu zituzten Etxebarriko frontoian. «Hiru txosna ipini genituen, eta bat bertarako egunerako egin genuen», diote. «Askotan lortu genuen frontoian jende gehiago batzea Etxebarri osoan bizi zen jende kopurua baino».
Kontzertuen kostua altua zen, eta finantziazioa era batera edo bestera lortu behar zenez, santixauetan ere txosna jartzen hasi ziren gazte asanbladakoak. Eta, hala ere, «bertan egunera arte diru nahikorik egoten ez zenez», kontzertua zegoen momentuan sarrerak batu, txosnetan dirua jaso, kontatu eta taldeei ematen zieten.
Anekdota moduan, kontzertuak zelan lotzen zituzten gogoratu dute gazte asanbladako kide ohiek. «Txartelak erosten genituen, telefono kabinara joan, eta batari eta besteari deitu eta deituegoten ginen», esan dute, deietan zenbat diru gastatzen zuten gogoratuz.
Gazteen eguna ere akorduan daukate: play back-ak egiten zituzten, eta saririk ez bazegoen ere, «beti irabaztera» ateratzen zirela diote. Harri bolaren inguruan ere hasi ziren probak egiten: zein taldek jende gehien gainera igotzea lortu, bueltaka ipintzea lortu… «baina irabaztera, bai ala bai», diote irribarrez.
Kontzertuen osteko garaia
Hurrengo belaunaldikoek bestelako garaia ezagutu zuten. «Guk azkenengo kontzertua ezagutu genuen», diote gaur egun 30 urte inguru dituztenek. Dirurik ez zegoela eta, 2002an egin zuten azken kontzertua Etxebarrin.
Beste era bateko jarduerak antolatzera egin zuten orduan. 2004an lehenengo baserri eguna antolatu zuten, eta «jai polita» izaten zela diote, urte batzuetan «arrakasta itzela» eduki zuena. Sagardotegira irteerak ere egiten zituzten, eta, betiko moduan, kultura batzordera joaten jarraitu zuten. Gabonetan ere hitzaldiren bat edo ikastaroren bat antolatzen hasi ziren.
20. urteurrena ospatzeko gazte lokalean jaia antolatu zuen asanbladak
Gazte asanblada gaur egun
Astero elkartzen dira Etxebarriko gazteak, orain ere asanbladan. Betiko moduan, urtero hainbat jarduera egiten jarraitzen dute.
Azkenengo urteetan bertso afariak «indar handia» hartu duela esan dute, baita Kalamura igoerak ere. «Gero eta potenteagoak dira», diote. Herrian ere laguntzen ahalegintzen dira: «Guraso elkarteak edo herriko beste talderen batek zer edo zer egiten duenean, laguntzen ahalegintzen gara», diote.
Azpiegitura aldetik ere aurreratu dutela esan dute. «Soinu ekipoa erosi genuen, adibidez, eta horrela beste jarduera batzuk antolatzeko modua daukagu», diote. «Hazi egin gara asanblada moduan azken urteetan, askotan ematen ez duen arren eta nahiz eta oraindik asko falta zaigun aurrera egiteko», esan dute.
Orain dela pare bat urte, Etxebarriko Gazte Asanbladako kideek gazte lokala eraberritu zuten, alboan zegoen lokalagaz bat egin, eta espazioa handituz.
Etxebarriko Gazte Asanbladak txupinazoa bota zuen santixauetan 20. urteurrenaren harira
Gazte asanbladako gazteenek gonbidapena zabaldu dute: «Geu hasi ginen moduan herriko beste edozein gazterentzako dauzka asanbladak ateak zabalik», diote. «Edozein gazterentzako dago hau eskuzabalik».
Oraingo gazteek eskerrak eman nahi izan dizkiete urte hauetan guztietan asanbladan aritu diren edota asanbladari lagundu dioten guztiei. «Ea idatzi gabeko etorkizunean atzera ere denok batzen garen».
20 urte. Eta aurrerantzean ere, harri bola handitzen joango da Etxebarriko gazteekin: sendo, indartsu, gazte eta gogotsu.
Etxebarriko Gazte Asanbladak kantua egin du 20. urteurrena ospatzeko. Naroa Loiola asanbladako kideak jarri dizkio berbak kantuari, eta Pixontxis taldeak doinua. Hemen, letra:
Kalamuko magal batenherri txiki bateko islada
bertako gaztiek antolatzen
emoitxue bi hamarkada
Etxebarrin 20 urtez
harri boliai sakatzen
asanblada bat oihuka
herrixan etorkizune
gaztion eginkizune
gure etorkizune
Urtez urte tantaz tanta
itsaso txikixe sortuz
gure ekintza bakotxaz
garaipen txiki bat lortuz
urtez urte tantaz tanta
gure ekintza bakotxaz
pausuak aurrera
Etxebarrin 20 urtez
harri boliai sakatzen
asanblada bat oihuka
herrixan etorkizune
gaztion eginkizune
gure etorkizune
Etxebarri handi bihurtzen
bere txikitasunien
bere txikitasunien
Hamendik beste 20 urtera
idatzi bako etorkizunien
etorkizunien
Etxebarrin 20 urtez
harri boliai sakatzen
asanblada bat oihuka
herrixan etorkizune
gaztion eginkizune
gure etorkizune