Diru laguntza bereziak arautzeko foru dekretuei esker, diru baliabide berriak izango ditu udalak datorren urtean. Horrenbestez, hiru laguntza lerro jasoko ditu udalak:
euriteen ondorioz izandako lurjausien gastuei aurre egiteko laguntza, inbertsioak egin ahal izateko laguntza eta aldi jakin baterako bi lagun kontratatzeko laguntza.
Euriteek eragindako lurjausiek sortutako gastuei aurre egiteko laguntza 2.000 biztanle baino gutxiago duten herrientzat eta plan ekonomiko finantzarioa aplikatzen ari diren udalentzat emango du foru erakundeak. «Mutrikuko Udala azken egoera horretan dagoenez, laguntza horren hartzaile izango gara. Gehienez, egindako gastuaren %60ra arteko laguntza jasotzeko aukera edukiko dugu, beraz», azaldu du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak.
Aldundiaren bigarren diru laguntza lerroaren asmoa tokiko ekonomia dinamizatzea da. Hala, biztanle kopuruaren araberako diru kopuru jakin bat jasoko dute herriek, krisiaren ondorioz egin gabe geratzen ari diren inbertsioak egiteko. Mutrikuri 84.576 euro egokitu zaizkio. «Aukera ederra izango da herriko hainbat beharri erantzun ahal izateko».
Hausnarketa prozesua
Azkenik, enplegua sustatzeko helburuarekin ere diru laguntzak banatuko ditu aldundiak. Diru laguntza lerro hori ere biztanle kopuruaren araberakoa da. Mutrikuko Udalak bost hiletarako bi kontratazio egiteko 15.000 euro jasoko ditu.
Abenduaren 12rako prestatu behar dira eskariak.
«Udalak, ordurako, hausnarketa prozesua egin nahi du udaleko talde guztien artean, etorriko den dirua datorren urteko aurrekontuan ahalik eta egokien txertatzeko», adierazi du Palenzuelak. Eta bide batez, udalaren izenean eskerrak eman nahi izan dizkio alkateak foru aldundiari, «neurri batean, bederen, herri eskaerak kontutan hartzearren».