Nabil taldeko kideak
Nabil Lekeitioko musika taldeak Oroimenen mosaikoa hirugarren diskoa kaleratu berri du, eta Durangoko Azokako egitarauaren barruan aurkeztuko du lana. Hain zuzen, Ahotseneako taula gainera igoko dira bertoko musikariak, domekan, 12:00etan. Unai Egia taldeko sortzaileak azaldu duenez, “lan berria jendaurrean aurkezteko irrikitan” daude. Dioenez, disko berriko abestiak baino ez dituzte joko. Hala, Lekeitiokoen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute musika zaleek.
Hirugarren diskoan “airea” izan da taldearen ispirazio iturria. Lehen eta bigarren diskoetan ura eta lurra ziren oinarrizko elementuak, baina hirugarrenean hegan egiten hasi da taldea. Hala, airea iraganera salto egiteko garraioa da, garai bateko oroitzapen zaharrak berreskuratuz. “Letretan zein musikan airearen erreferentziak sartu ditugu”, azaldu du.
Munduan dauden elementu guztiei kantatzeko, sua baino ez zaio falta Lekeitioko taldeari. Egiak aurreratu duenez, elementu hori jorratzeko esperantza daukate taldearen laugarren diskoan, baina, momentuz, ez dute erre nahi. Eter deritzon bosgarren elementu bat ere badagoela nabarmendu du bertoko musikariak, baina etorkizunean ere horretaz berba egiteko denbora izango dutela deritzo.
Momentuz, Oroimenen mosaikoagaz gozatu nahi dute taldeko kideek. Horien ustez, grabaketaren emaitza “oso ona” izan da, eta, horrenbestez, “gustura” daude. “Masterizazioa kenduta, guztia ekoiztu dugu Lekeitiko Bedroom estudio txikian, eta soinu bikaina dauka diskoak”.
Taldearen hirugarren lan luzeak hamar abesti dauzka. Aurrekoen iturri beretik edan arren, Oroimenen mosaikoak zenbait aldaketa ditu. Besteak beste, zenbait abestitan soinu elektronikoago bat lantzen dute lekeitiarrek. Hala ere, “Nabilen izaerak bizirik” jarraitzen duela deritzo Egiak. Dioenez, kantu “azkarragoak edo motelagoak” egin ditzakete, baina disko guztiek daukate “komuneko puntu bat. Nabilen lehen urteetan beste musika talde batzuekin konparatzen gintuzten, baina dagoeneko gure soinua aurkitu eta finkatu dugula deritzogu”.
Kontzertuak jotzeko gogotsu
Egiak hainbat urte daramatza musikaren munduan. Besteak beste, Ekon, Txapelpunk, Rat-Zinger, Mitosia eta Nabil taldeetan jo du. Talde horiekin guztiekin 11 disko grabatu ditu. Jakinarazi duenez, orain lasaiago igotzen da taula gainera, urte asko egin baititu errepidean.
Gaur egun buru belarri dihardu lanean, Nabilek errepidean jarrai dezan. Hala, Durangon lana aurkeztu ostean, Euskal Herrian zabaldu nahi dute Oroimenen mosaikoa. Azaldu duenez, gainera, bi kontzertu mota dituzte: elektrikoa edo akustikoa. Hala, agertoki handietan zein tabernetan jotzeko aukera daukate lekeitiarrek.
Aurrerantzean kontzertu asko jotzeko helburuagaz, Nabilek promozio bideo bat grabatu du. Egiak azaldu duenez, “Vimeon zein Youtuben Oroimenen mosaikoa sartuz gero, promoziorako bideoa ikusteko aukera dago”.
Taldeari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bestalde, Nabilek Facebook, Myspace, eta Bandcamp kontuak dauzka. Disko berriko abestiak entzuteko aukera ere ematen dute kontu horietan.