Ibili-ibilian, 29. Egia-Iriondo egingo da domekan
Abendu erdian, abenduaren 15ean egingo da Ondarroako herri lasterketarik entzutetsuena, lasterketarik herrikoiena: 29. Egia-Iriondo Memorialak ehunka lagun batuko ditu beste behin ere Berriatutik Ondarroara bidean. Memorialean parte hartzeko ez dago aitzakiarik. Jende guztiak egiteko moduko proba da Ondarroako Atletismo Taldeko kideek adierazi dutenez. Eta egiten duenei, gustatzen zaien horietakoa da, gainera. Berriatura ailegatzea ez da arazo bat izango parte hartzaileentzat: ohi legez, autobusak egongo dira. 11:00etan eta 11:30ean irtengo dute Zaldupetik. Kordeleriaraino joango dira, 12:00etan bertatik lasterketari hasiera emateko. Ez dago, baina, zertan ibilbide osoa egin: nahi dutenek tartean-tartean sartu ahal izango dute: Kamiñazpiko sarreran, Zaldupeko Zubian… Lasterketa osorik egingo ez duten horiei eskari bat egin nahi izan dite antolatzaileek: «Lasterketaren atzeko aldean sartu». Horrez gain, parte hartzaile guztiei kontuan edukitzeko aholkuak emon nahi izan dizkiete: aringa-aringa bidearen eskumako aldetik joatea, ibilgailuren bat edo batek pasatu behar badu ere, lekua izan dezan. Helmuga zeharkatuta, alde zaharra izango da kirol jaiaren testigu. Eta ohitura onak aldatu behar ez direlako edo, txiki zein heldu, podiumera igo ala ez, korrikan egin duten guztiek jasoko dute oparitxoa. Eta zelan ez, lasterketaren sortzaileei oroigarria emongo diete, bai eta Ondarroaren alde lan egiten duen bat edo bati ere. Aurten talde bati egingo dio aitortza atletismo taldeak, umeekin egiten duen lan handia eskertu asmoz: Txirrimorraski Ondarroako Denbora Libreko Taldeak jasoko du omenaldia. Jai giroan murgilduta, herriko bertsolariek ere ipiniko dute gatza eta piperra.
Orkatz Beitia (Ondarroako Atletismo Taldeko kidea): «Sariak ematea sekula baino garrantzitsuagoa irizten zait»
Atletismo Taldeak hilabeteak daroaz 29. Egia-Iriondo Memoriala antolatzen. Orkatz Beitia (Ondarroa, 1979) atletak lasterketaren gaineko xehetasun guztiak ezagutzen ditu. Aurten Egia eta Iriondo egongo dira lasterketan? Lasterketarik ez dute egingo, baina ea amaieran biak batzen ditugun. Jendearen txaloak hartu eta oroigarriren bat emango diegu. Iaz data aurreratu zenuten parte hatze kopuruak gora egingo zuela pentsatuta. Egin zuen? Ikusi dugu ez daukala jendeak parranda egiteagaz zerikusirik. Beherako joera dago. Orain dela zortzi urte 600 lagunek parte hartu zuten, eta iaz 320 bat izan ziren. Aurten 300era ailegatzen bagara, ondo. Hori aurreikusten da, 300 bat lagunek parte hartzea? Bai. Ikastetxeetan 180 bat umek eman dute izena, asteburuan 78 lagunek eman dute izena turismo bulegoan; Atletismo Eskolako beste 21 bat umek ere egingo dute korrikan, eta bertan egunean ere ahal da izena eman. Hogei bat lagunek edo emango dute izena bertan egunean. Zer egin behar da bertan egunean izena emateko? 10:00ak inguruan Alai ingurura etorriz gero, dortsala emango diogu, eta listo. Adinez adin, zelakoa izango da parte hartzea? 12 urtetik 17ra hamahiru pertsonak eman dute izena bakarrik. 18tik 39 urtera, nagusietan, 31 pertsona daude, 27 mutil eta lau neska. 40 urtetik gora 26, bi neska eta 24 mutil. Eta umeetan erdi eta erdi izaten da proportzioa. Lehen hainbesteko ezberdintasuna zegoen neska eta mutileen artean? Bai, nik uste dut baietz. Korrikalari kopuruak behera egiteak, baina, ageriago lagatzen du hutsune hori dagoela. Autobusa egongo da, betiko legez, ezta, Berriatura joateko? Bi autobus egongo dira Zaldupeko Zubitik: 11:00etan eta 11:30ean. Edozelan ere, nahi dutenek beste leku batzuetatik irten ahalko dute. Eskatzen dugun gauza bakarra da, batez ere umeekin doazenei, aurrean ez sartzea, sailkapenean nahasterik ez dadin egon. Eta eskumatik joatea. Amaieran, sariak danentzat. Bai, dortsala entregatu eta bakoitzak bere saria jasoko du. Gozokiak emango dizkiegu guztiei, eta lehen hiru sailkatuei garaikurra, hiru mailatan: 18 urtera artekoei, 18tik 40ra artekoei eta 40 urteko gorakoei. Podiumera begira daudenak ere badaude, normala denez? Lasterketa hau jendeak ematen duen diruagaz egiten da, eta sariak ezin dira guk nahiko genukeen beste egon. Eskerrak jendeak gauza asko doan ematen dituen, eta herrian maite den lasterketa bat den. Ni neu sekula ez naiz izan irabaztearen aldekoa, baina gaur egun, umeei ez die axolarik lehen egin ala azken egin. Zer edo zelan motibatu behar dira, bakoitzak daukana eman dezan. Sasoi batean irabazteko gogo bizia izatetik esfortsurik ez egitera ailegatu gara. Horregatik, sariak ematea sekula baino garrantzitsuagoa irizten zait.