Agurne Gaubeka Lea Artibai eta Busturialdeko zerbitzu pribatuetako arduradunaren esanetan, Lea-Artibaiko kontserba enpresak
Bizkaiko hitzarmenaren *ultraktibitatearen alde agertu dira, momentu honetan itxita egon arren. Hala, gaurko deituta zegoen greba eta mobilizazioekin bat egin dute, besteak beste, Ondarroako Guenaga, Agirreoa eta Ortiz enpresek eta Markina-Xemeingo Denticik.
Gaur goizean Bilboko epaitegi aurrean egindako elkarretaratzea. Argazkilaria: LAB sindikatua
LAB, ELA eta UGT sindikatuek deitu dute gaurko greba, eta Bizkaiko kontserberen %70 inguruak bat egin duela azaldu dute. Enpresetako produkzioa eteteaz aparte, gaur goizean, Bilboko epaitegi aurrean bildu dira Bizkaiko kontserbera enpresetako 100 bat langile, hitzarmenaren ultraktibitatea defendatzeko lehenengo epaiketaren eguna baita. Horiek guztiek “hitzarmenak indarrean jarraitu behar duela” eskatu dute, besteak beste. Horregaz batera, “langileen lan baldintzak ez murriztea, eta, era berean, sektoreko langile guztientzako Bizkaia mailako hitzarmen barri bat sinatzea” eskatu dute. Arratsaldean ere, aldarrikapen horiek egiteko kalera aterako dira; kasu honetan, Bermeon 18:00etan, Goiko Plazatik abiatuta manifestazioa egingo baitute.
Krisi garaian egonik ere, enpresek irabaziak dituztela onartu arren,
“langileen lan baldintzak murrizteko erabateko ahalegina egiten jarraitzen” dutela azaldu du Gaubekak. “Estataleko langileekin parekatu gura dituzte, eta horrek suposatu luke, adibidez, kategori batean egunean 33 euro irabazten dituenak 30 euro irabaztea”. Halaber, Gaubekaren arabera, “hitzarmenarekiko malgutasuna” izan nahi du patronalak, horrela, hitzarmena ez ezartzeko aukera izango luke, enpresak egoera txarra biziko balu.
Mobilizazioekin jarraitzeko asmoa
Gaur goizean Bilboko epaitegi aurrean egindako elkarretaratzea. Argazkilaria: LAB sindikatua
Gaurko mobilizazioena, baina, hasiera bat baino ez dela adierazi du LABeko arduradunak; patronalak negoziazio mahaia alde batera uztea erabakitzen badu, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa erakutsi baitu sindikatuak. Izan ere, langileen profila kontuan hartuta,
“etorkizun oso latza” ikusten diote kontserberetako langileen egoerari; “gehienak emakumezkoak baitira, 50 urte ingurukoak, eta familia askotan soldata bakarra da beraiena”.
*Ultraktibitatea: hitzarmen bat iraungitzen denetik berria adostu arteko tartea.