Baserriko produktuekin beteko dira zapatuan Lekeitio eta Mutrikuko kaleak. 10:00etan hasiko dira
San Tomas Eguneko urteroko azokak. Txurruka Plaza izango da mutrikuarrentzat bilgune; lekeitiarrak, berriz,
Independentzia Plazaren inguruan alkartuko dira.
Lekeitio
38 dira Lekeitiora hurbilduko diren ekoizleak euren produktuen salmenta zuzena egiteko. Azokan, ortuari eta frutadun hamabi ekoizle, arraina eta kontserbadun ekoizle bana, ardi eta ahuntz gaztadun lau ekoizle, ogia eta gozogintzako produktuen lau ekoizle, Bizkaiko txakolinaren ekoizle bat, ahate produktuen lau ekoizle, eztiaren bi, eta txerrikien ekoizle bi egongo dira.
Horiez gainera, lau izango dira, euren eskulanak erakusteko azokan bilduko diren artisauak.
Lekeitioko azokan egongo diren etxe abereak, bestalde, hauek izango dira: hegazti eta animali txikiak, zaldiak, behiak eta idiak.
Azokaren mahairik onenaren saria 13:30ean banatuko du Lekeitioko Udalak, azokaren amaiera baino ordu erdi lehenago. Saria 100 eurokoa izango da.
Mutriku
Beti bezala, herriko ekoizle, elkarte eta taldeek hartuko dute parte Mutrikuko azokan. Horrela, Goiko plazan egongo dira Sagarmina, Goxenetxe, Aritza, Ibiri, eta Uxua Antia baserrietako produktuak, Ekoalboraz elkartearen elikagai ekologikoak, eta Ondareren mermelada. Zabiel Eskulan Taldeak, Institutuak, Tantaz Tantak, Gaztelekuk, Mandazketak, Kilometroak, Mutriku Zero Zaborrek, Errealzaleek eta Turismo Bulegoak ere postuak jarriko dituzte.
Azoka osatu aldera, Mallabiko Mañeko eta Berriatuako Malax gozogileek ere lekua edukiko dute azokan.
Animaliak ere edukiko dute lekua Mutrikuko azokan: Eizagirreren antzarak eta ahuntzak, Arnoko ardi, poni eta hesi gorriak, Etxerreko zezen, poni eta astoak eta Irabanetako betizuak.
Azokak, gauera arte izango du jarraipena. 13:00etan Trikitixa taldeak girotuko du herria kalez kale egingo duten jiran eta 15:00ak aldera Bertso bazkaria egongo da Txalaparta tabernan. Bertsolariak, Aitor Sarriegi eta Iñigo Manzisidor Mantxi izango dira.
Bazkalostean, berriz, Mutrikuko Bertso Eskolak antolatutako Okelar Bertsopaper Lehiaketako Sariak banatuko dituzte.
Eguna amaitzeko kontzertu bi egongo dira. Lehenengoa, Musika Eskolak antolatuta, parrokian, eta bigarrena MRKren eskutik gaztetxean. Parrokiko Gabon Kontzertua 20:30ean hasiko da, gaztetxeko MRK Gaua aldiz, 23:00etan.