Itsasoa ondo baino hobeto ezagutzen du Leo Belaustegi Alberdik (Mutriku, 1950). 31 urtean arrantzalea izan zen, hamalau urtean LAB sindikatuko Arrantza arduradun nazionala. Gaur egun,
Ondarroa 12 milia taldeko kidea da: asko dute esateko eta egiteko.
Itsasoari begira talderik lanean ez zegoela ikusita, 2010. urteko maiatzean sortu zen Ondarroa 12 milia: arrantzaleek, biologokoek, natur taldeko kideek… era askotako jendeak osatu zuen taldea, «Euskal Herriko kostan gero eta arrain gutxiago zegoela, espezieak desagertzen ari zirela eta denbora gutxian neurri batzuk hartu ezik, urte gutxi barru ondorio txarrak etorri ahal zirela» ikusita.
Ondarroako Kofradia Zaharrean egin zuten lehen bilera, gizarteari itsasoan zer gertatzen den jakitera emateko helburuarekin. Eta alternatiba batzuk ere planteatu zituzten, gaur egungo arrantzak bizi duen egoerari irtenbidea emateko, alternatibak 12 miliei begira. «Kostatik hasi eta 12 miliarainoko gunea, ia 22 kilometro, oso gune aberatsa da», azaldu du Belaustegik.
Han egiten den arrantza motak erabateko aldaketa izan du azkan urteetan. «Orain 50 urte arrantzatzen zen modua berreskuratu behar da. Baxurako ontziek artisau-arrantza egiten zuten gehiago, arrantza jasangarria egiten zuten gehiago, joan eta etorriko arrantzualdiak egiten ziren». Hortik sortu ziren belaunaldi berriak: «Horrela hasi ginen arrantzan».
Aldaketek izandako eragina zein den ikusita, taldearen helburua gune hori –plataforma kontinentala– berreskuratzea da, orain dela 50 urte arrantzan egiten zen moduko jarduera berriro indarrean jartzea. «Azken urteetan edozeinek eta edozein arte erabilita egiten du arrantzan, inolako kontrol barik». Arrasteroek itsas hondoa «garbitzen» dutela ikusita, horiei 12 milian arrantzatzea debekatzea «ezinbestekotzat» jotzen du Ondarroa 12 miliak. Ez hori bakarrik: inguratze sareak erabiltzen dituztenen harrapaketak «mugatzea» proposatzen dute, horien jarduerak ere arraina desegiterakoan eragin zuzena daukala iritzita.
Alturako ontzien «harrapaketa basatia» tarteko, 12 miliako gunean espezie asko desagertu dira: nabarmen-nabarmen desagertu den espezie bat bisigua da. «Azken 20 urtean ea ez da bisigurik harrapatzen. Arrainaren amaiera, baina, ez da bakarrik izan harrapaketaren ondorioa. Kutsadurak ere asko kaltetu du itsasoa: erreketatik ailegatutako zikinak batetik, eta plastikoak. «Denbora gutxi barru itsasoa beteko du plastikoak, eta neurriak hartu behar dira, ez bakarrik 12 milietan».
Capbreton, haztegi naturala
Kala hortako espezie gehienak, denak ez esatearren, Capbetrongo fosan sortzen diren elikagaiei esker sortzen dira. «Hegoaldeko aldapa hori eta iparraldeko aldapa hori babestu beharra dago, hor dagoen arrainari etorkizuna emateko». Belaustegik dioenez, baina, alderantzizkoa pasatzen da: itsasontzi guztiak bertara joaten dira arrainetara.
Arrainak beraien bizi zikloa egitera joaten dira Capbretongo fosara, arrautzak ipintzera, eta ia gehienetan, arrautzak bota baino lehenago arrantzatzen dituzte. «Arrainari ez badiozu lagatzen bere bizi zikloa egiten, desagertu egingo da. Antxoarekin hori pasatu zen, eta berdelarekin eta txitxarroarekin ere arazoak daude». Kontran, artisau-arrantza egingo balitz, eta babes guneak balituzkete, antxoak, berdelak eta espezie gehienek euren bizi zikloa eroan ahal izango lukete aurrera.
Epe motzerako arrantza edo epe luzerako arrantza planteatu. Hor dago kakoa. «Profesionalek epe motzerako arrantza planteatzen dute, eta beharbada, justifikatuta dago, hortik bizi behar dira eta». Edonola ere, egoera zein den ikusita, «derrigor» hartu behar dira neurriak, «gure ondorengoek antxoa edo legatza jatea nahi badugu, eta gazteek arrantzan egitea nahi badugu».
Izan ere, gaur egungo lan baldintzak zeintzuk diren jakinda, inork ez du itsasora joan nahi. «Gaur egun belaunaldia galduta daukagu. Eguneko arrantza sortuko bagenu, artisau arrantza horrek ahalbidetuko luke gazteek itsasora joan nahi izatea, emakumeek ere bai, beste leku batzuetan gertatzen den legez». Arraina ugaritzeak eta espezieak berreskuratzeak, gainera, mugimendua ekarriko luke portura.
Aldaketak «gutxika-gutxika» egitea proposatzen du Ondarroa 12 milia taldeak. Barruko urak Eusko Jaurlaritzaren eskumena dira, eta ur horiek babesteko eskaria egin diete agintariei. Handik 12 miliarainoko tartea Espainiko Gobernuaren eskuduntza da, eta hortik aurrerakoa Europar Batasunekoa.
Arrantza politika berria
Europak arrantza politika berri bat ipiniko du martxan 2014an. «Erabaki gogorrak hartu dira, presio handiak egon dira, eta Europatik ikusi dute azkenengo urteetan itsasoan izugarrizko sarraskiak egin direla». Horren aurean, babesa eman nahi diote arrantza jasangarriari: diru laguntzak egongo dira, eta aurrekontu handi bat legea errespetatzen dela kontrolatzeko. «Orain artean legeak egiten ziren, baina diru laguntzarik ez zen ipintzen hori kontrolatzeko. Suposatzen da onerako izango dela. Neurri horiek, azken finean, arrainek euren kalak berreskuratzeko balio behar dute, eta arrantzaren etorkizuna bermatzeko».
LIFE (Low Impact Fishing Europe) sortu da
Joan den azaroaren 23an eta 24an Galizian, Santiago de Compostelan, Europako artisau-arrantzaren biltzarra egin zen. LIFE izeneko elkartea sortu zuten bertan, artisau arrantzaren defentsarako elkartea, hain zuzen ere. Europako hamabi estatuko arrantza taldeak batu ziren bertan, 2014. urtera begira Europak arrantza politika jasangarriaren aldeko apostua egin duela ikusita, «danen artean bultza egiteko» helburuagaz. Izan ere, Europan arrantza jasangarriaren alde lanean dauden talde asko daude, eta antolatzen ari dira. Ondarroa 12 milia taldea ere elkarte modura antolatuko da epe motzean, LIFE elkartearen parte izateko. Hasiera batean, urtean birritan egingo dute artisau-arrantzaren biltzarra.