Atmosfera ez eze, lurpeko urak larriki kutsatzen ditu hausdura hidraulikoak edo ‘fracking’-ak; hori egiaztatzen duten ikerketen harira, Eguzkik gasa ateratzeko sistema horren aurka agertzeko eskatu die eskualdeko udalei.
![shutterstock_115411975](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2014/01/shutterstock_115411975-300x199.jpg)
Lea-Artibaiko Eguzki talde ekologistak
fracking-aren kontrako mozioak sartu ditu eskualdeko udaletan, apurketa hidraulikoa ikertzeko abian dauden baimenen etetea eskatzeko. Izan ere, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako lurraldeetan eta inguruko beste lurralde batzuetan ere
fracking bidez atera nahi dute gasa.
Orain arte teknika horiek erabili dituzten zonaldeetan hainbat arazo sortu dira: edateko uraren kutsadura, inguruaren okupazio altua eta horren hondatzea, kutsadura atmosferikoa, negutegi efektua sortzen duten gasen isurketa (metanoa), lurrikarak, kutsadura akustikoa edota putzuen inguruan bizi diren biztanleengan osasun arazoak. Hainbat dokumentuk eta ikerketak baieztatu dituzte arazo horiek guztiak, eta Frantziak, adibidez, debekatu egin du bere lurraldean.
«Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua sistema hori ikertzeko baimenak ematen ari dira, bai lehorrean eta baita itsasoan ere, gure kostaldetik kilometro gutxira», azaldu du Eguzkik. Jaurlaritza SHESA bere enpresa publikoaren bidez ari da kudeatzen baimen horietako batzuk.
Arrazoi horiengatik, hurrengo akordio proposamena sartu dute ekologistek, eskualdeko udal gobernuetan eztabaidatzeko eta onartzeko. Batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diete fracking sistema ikertzeko zundaketa baimen guztiak bertan behera lagatzeko, eta gutun bidez erabaki hori jakitera emateko. Beste aldetik,
fracking-ik gabeko herria izendatzeko eskaria egin dute udalez udal. Azkenik, udal gobernuei eskatu diete euren eskura dauden baliabideak erabiltzea erabaki horren berri emateko.
Hausdura hidraulikoari buruzko eztabaida nahikoa barria da. Zer da, baina? Presio handiko fluido baten bidez harri geruzak hausteko eta gas naturala erauzteko teknika bat da. Horretarako, bertikalean zulatu behar da erreserbak dituzten harri formazioetara heldu arte –normalean 1.000 eta 5.000 metro artean egon ohi dira–. Ondoren, horizontalean zulatzen jarraitzen dute, 1.500 eta 3.000 metro inguru.
Momentu horretan, hondarra (%98) eta produktu kimikoak (%2) erantsita, milioika litro ur injektatzen dute presio handian, gas naturala biltzen duen harkaitza zartatzeko. Horrela, gasa askatu eta azalera igotzen da hoditik, urarekin eta osagai kimikoekin batera. Leherketa horiek lurrikarak sor ditzakete.
Gasarekin eta produktu kimiko horiekin batera, gainera, urak beste substantzia batzuk ere garraia ditzake, askotan arriskutsuak, batzuetan erradioaktiboak. Azalera osasunerako kaltegarriak diren metal astunak hel daitezke, besteak beste, merkurioa eta beruna. Hondakin-ur hori azalean biltzen dute, hainbat putzutan.
Horrek guzti horrek ingurumen arazo larriak eragin ditzake: iragazgaitzek, hodiek eta hesiek huts egin dezakete; edota euriteek putzuek gainezka egitea eragin dezakete. Hori dela eta, erraza da ura isurtzea eta inguruan iragaztea. Gas ugari erauzteko hausdura hidraulikoa eraginez gero, beharrezkoa da hainbat putzu egitea. Horretarako lursail handiak okupatu behar dira, eta gai kimikoekin nahastutako milioika litro ur injektatzen dira.
Debekua zabaltzen
2011n Europar Parlamentuko Ingurumen, Osasun Publiko eta Elikagaien Segurtasunerako Batzordeak zabaldutako txostenaren arabera, substantzia kutsatzaileak isurtzen ditu
fracking-ak atmosferara, eta lur azpiko urak kutsatzen ditu. Frantzian egin modura, Bulgarian, Irlandan, Errumanian, Txekiar Errepublikan eta Alemaniako hainbat estatutan debekatuta dago.
ELKARRIZKETA
Fernando Salegi Eguzkiko kidea:
«Probak ere ‘fracking’-a dira, eta kalteak eragingo dituzte»
![FernandoSaleg](http://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2014/01/FernandoSaleg-300x221.jpg)
Asko eta larriak dira fracking-ak eragiten dituen kalteak. Horren inguruan hitz egin du Fernando Salegi (Elgoibar, 1963) Eguzkiko kideak.
Orain gutxi sortu da fracking-ari buruzko eztabaida. Gasa ateratzeko sistema berria da ala aspaldikoa?
Amerikako Estatu Batuetan urteak daramatzate sistema honekin, eta horregatik ezagutzen ditugu ondorioak, han gertatu direlako. Europan azken urteetan sortu da eztabaida: Polonian edo Errumanian, adibidez, gatazka handiak ari dira gertatzen gai honen inguruan. Frantzian debekatu egin dute sistema.
Zeintzuk dira eragiten dituen kalte nabarmenenak?
Gasa ateratzeko lur azpiko haitzak apurtu egiten dira, eta harri tartetik gasa ateratzen da. Apurketa hori egiteko ur asko sartzen da, presio handian eta gai kimiko askorekin. Baina gero ur hori guztia ez da berreskuratzen. Zati bat lur azpian geratzen da, eta akuiferoak kutsatzen ditu. Gasland dokumental amerikarrak erakutsi digu
fracking-a egiten den eremuetan etxeetako iturriko urak su hartzen duela. Kanpora ateratako urarekin zer egin ere ez dakite, oso kutsatua egoten delako. Lurrikarak ere gertatu dira.
Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak, baina, sistema ikertzeko baimenak ematea aurreikusten dute.
Jaurlaritzak dio ez duela
fracking-ik egingo, baina probak egin nahi dituztela. Baina probek ere kalteak eragiten dituzte; probak ere fracking-a dira!
Baimen horiek emanez gero, Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean fracking-a aplikatu ahalko lukete?
Gernika-Lumo inguruan eta Oiz inguruan lur azpiko gasa egon daitekeela uste dute, eta etorkizunean probak egiteko baimenak eskatu dituzte kanpoko enpresek. Busturialdea eta Txorierri arteko lurretan baimenak emanda daude. Inguru horretako herri askotan ur azpitik hartzen dute ura. Fracking-a egiten badute, ur hori kutsatu egingo da. Gure kostaldean ere probak egin nahi dituzte, Lekeitio eta Bilbo arteko uretan.
Bereziki arriskuan legokeen gunerik ba al dago?
Gure kalak dauden lekuetan
fracking-a egiten baldin badute, eta kalak kutsatzen badituzte, akabo arrantza.