Bere bigarren lana kaleratu du Lekeitioko McOnak taldeak; 11 abesti jasotzen dituen diskoak, besteak beste, Andoni Basterretxearen eta Aritz Artolaren kolaborazioekin osatutako kantak biltzen ditu.
M cOnak taldeak 2011ko abuztuaren 5ean eman zuen bere lehenengo kontzertua, Lekeitioko taberna batean. Ordutik bi urte baino ez dira pasatu, baina dagoeneko bere bigarren diskoa kaleratu du taldeak. Grabaketak Mungiako Gaua estudioan egin dituzte, eta nahasketak Haritz Harreguyrekin.
Piraten matxinada egungo testuinguru sozioekonomikoari lotuta osatutako diskoa dela azaldu du Kemen Atxurra Badiolak (gitarra elektrikoa eta ahotsa). «Jendarteak, modu batera edo bestera, matxinatzen edo mugitzen hasi behar duela uste dugu. Piratak matxinoak ziren bere garaian, eta hortik dator guk egindako lotura; zelan ez, beti presente mantetzen dugun itsasoarekin batera».
Beraz, itsasoari, piratei eta matxinadari tarte berezia eskaini die McOnak taldeak disko berrian. Maketa baino disko landuagoarekin topo egingo du Piraten matxinada entzuten duenak, soinu aldetik profesionala baita, eta produkzioari dagokionean heldua-
goa.
Itsasoak berak eta gaur egun inguruan ikusten dutenaren kritikak, autokritikak edota balorazioak daukate pisurik gehiena Piraten matxinada-n. «Inspirazioa gauza horietan guztietan bilatu dugu. Azken batean, errealitate batean bizi gara, eta egunerokotasunean gauza batzuk ikusten ditugu», aipatu du Joseba Iturraspe Emaldik (gitarra akustikoa eta harmonika).
Taldearen sorreratik taldekideek argi izan dute musika kontatu nahi dutenaren berri emateko tresna bat dela. «Ez gara musikoak; guk zerbait kontatzeko erabili nahi dugu musika. Ezer ez baduzu kontatzen, musikak ere bere zentzua galtzen du», azaldu du Atxurrak. Hortaz, bere burua herri musikatik gertu kokatzen du McOnak taldeak.
Kontzertuen urtea
Euskal Herrian gehien entzuten den musika estilotik urruti daudela jakitun dira McOnak taldeko partaideak. «Maila lokalean inork ez du gure estiloko musikarik egiten», esan du Iturraspek. Hala ere, orain arte ezer berririk ez dutela asmatu aitortu dute. «Guk ere geure erreferente musikalak dauzkagu, gu baino lehenago musika egin dutenak eta gu baino zazpi bider hobeto», gaineratu du Atxurrak.
Disko berrian kolaborazio ugari izan dituzte. «Abestiak osatu ahala, kolaboratzaileen ahotsak etorri zitzaizkigun burura, eta horren arabera aukeratu ditugu disko honetako kolaborazioak», dio Iturraspek. Hori horrela, Zure garaiak kantuan Andoni Basterretxearen eta Traizio balada-n Aritz Artolaren kolaborazioak izan dituzte, besteak beste. «Asko gustatzen zaizkigun taldeetako partaideak dira», dio Atxurrak.
Aipatutakoez gain, Ager Insunzak (Audience), Olatz Salvadorrek (Skakeitan) eta Esther Gabiolak ere parte hartu dute disko berriaren grabaketan. Kolaborazioez eta taldeko abesti propioez gain, Lekeitioko talde kuttuna den Ume gaiztuak taldearen bertsio bat ere jaso dute diskoan.
Aurrera begira jarrita, zuzenekoak egiteko momentua dela esan dute McOnak taldeko kideek. 2014a kontzertuen urtea izango dela aurreratu dute. Hala ere, hilean hiru kontzertu baino gehiago ez ematea adostu dute. «Musikaz aparte, bakoitzak bere gauzak dauzkagu, eta entseatzeko ere zailtasunak izaten ditugu».
Taldearen gehiengoa lekeitiarra bada ere, entseguak Durangon egiten dituzte. «Beti salatu izan dugu herri mailako lokalen falta dagoela. 10-11 talderentzako lokal bakarra daukagu herrian, eta, gainera, domeketan itxita dago. Hori dela eta, Durangon entseatzea eskuragarriagoa da guretzat».
Zita garrantzitsua
Kontzertu guztiak dira garrantzi berekoak, taldekideen iritziz. «Hamar lagun edo 3.000 lagun biltzen dituzten kontzertuetan gogo eta indar berdinarekin jotzen dugu», esan du Atxurrak. Hala ere, datorren otsailaren 11n zita garrantzitsua dauka McOnak-ek Durangon. Izan ere, Kalera Rock jaialdian joko dute lekeitiarrek, Euskal Herriko hainbat talde ezagunekin batera.
Kontzertu horrez gain, aurtengo edizioko abestiaren grabaketa ere Lekeitioko taldeak egin du. Herri oso bat altxa eta kalera ateratzea aldarri Usurbilgo Higain estudioan grabatu du Mc Onak taldeak, Sorkun Rubioren, Hodei Beitiaren eta Xabi Solanoren kolaborazioarekin. «Sorpresa handia izan zen Kalera Rock-en joko genuela jakitea, eta are gehiago abestia guk egitea».
Musikatik bizimodua ateratzeko asmoari buruz galdetuta, ezezko borobila eman dute Atxurrak eta Iturraspek. «Behin lana bihurtzean, daukan xarma galtzen du musikak. Guk ondo pasatzen dugu musikarekin, baina konpromiso batzuk eskatzen dituenean, nire ustez, ez da hain dibertigarria izango», esan du Atxurrak. Iturrasperen iritziz, «nahi izanda ere, musikatik bakarrik bizi ahal izatea ia ezinezkoa da Euskal Herrian».
Musikaren aitzakiagaz Euskal Herritik kanpora bidaiatu ahal izatea ez dute baztertzen, baina oraindik ez dute ezer zehatzik. «Italia, Galizia… aukera batzuk izan ditugu, baina oraingoz ez daukagu ezer zehatzik buruan; unea iristen denean erabakiko dugu».