Gambian (Afrika) egon da Yerai Diaz Ikaran (Ondarroa, 1988) sei astez, Sunu Buga Buga Growing in Gambia gobernuz kanpoko erakundeagaz, boluntario.
Zelan sortu zen Gambiara joateko ideia?
Beti nahi izan dut joan. Justu beharra egin nuen, eta diru apur bat bilduta, erakundeak begira hasi nintzen. Batzuekin ipini nintzen hartu-emanetan, eta erakundeko arduradunak, Veronicak erantzun zidan. Sekula ez zutela boluntariorik eduki esan zidan, baina posible izango zela.
Bera Gambian zegoen?
Bai, bertan dauka etxea, Bijilo herrian. Bertara joan nintzen, asko pentsatu barik, egia esan.
Ailegaera zelakoa izan zen?
Gauez ailegatu nintzen, lur hartu behar genuenean ez zen argirik ikusten. Horrek asko harritu ninduen. Gambia oso txikia da, eta ez dago batere garatuta azpiegitura mailan. Bide orokor bat dago, eta hantxe dago argi apur bat.
Non egon zinen bizitzen?
Veronicaren etxea gela bakar batekoa da, eta komunitateko familia batekin egon nintzen alokairu baten truke. Etxea ondo zegoen, baina ura ez da ailegatzen, eta argia bitik behin joaten da.
Zelan euekin?
Oso ondo. Kultura aldetik hasieran danak harritzen zaitu. Gero, baina, ohitzen joaten zara. Nire familian besaulki bat zeukaten, baina ez ziren jartzen bertan. Behegainean egoten ziren beti. Sukaldea zuten, baina kanpoan sukaldatzen zuten. Andreak 50 bat urte edukiko zituen, eta ni jartzen nintzenean, pentsatzen nuen: ederra mina. Afaltzeko eta behegainean jartzen ziren.
Bijilon zer ari da egiten erakundea?
Jolas guneak sortzen joan dira, eta goizetan eskolara joaten ez diren umeei eskolak ematen dizkiete, 4tik 8 urtera arteko txikiei eta 10 urtetik 14ra arteko handiagoei. Urtebetean gosariak eta bertoko irakasleen gastuak finantzatuta dauzkate.
Eskola non ipini dute?
Veronicaren etxeko patioan. Ni egon nintzenean nagusientzat palmera orriekin zeukaten eginda sabaia, eta txikientzako txapagaz. Euri denborak hasi barik zeuden oraindik.
Zu etorri zinenetik hona, hobekuntzarik egon da?
Bai. Jai bat egin zuten Veronicaren Getxoko lagunek, eta lortu zen diruagaz bertan patioan eraikin bat egin ahal izango dute, eta ume guztiek batera ikasi ahal izango dute orain.
Eskolara doazenak nora joaten dira?
Eskola publikora. Bertan Bijilon daukate eskola, baina urtean 10 euro kostatzen da, eta askok ezin dute ordaindu. Emakume bakoitzak, gutxi gorabehera, bi urtetik behin edukitzen du ume bat. Eskolara sartzeko adinik ez dago araututa, eta antza, ez dute ezer ikasten. 14 urteko gazteek ez dakite irakurtzen.
Osasungintzan ere lan handia egiten da, ezta?
Bai, Veronicak zauriak osatzen-eta ikasi du, tentsioa hartzen, eta bat edo batek sukar handia badauka, eurek laguntzen diote diruz familiari, eurek ezin badute.
Ospitala hurrean dago?
Hiriburutik hurrean dago Bijilo, baina bertako ibilgailuetan bazoaz, Gele-Gele deitzen dira, hiru hartu behar dira ospitalera ailegatzeko. Gambian mediku kubatarrek egiten dute bi urteko zerbitzua, eta erakundeak pediatra bategaz, azaleko mediku bategaz dauka, besteak beste, tratua eginda komunitatekoak artatzeko.
Ze gaixotasun dira ohikoenak?
Azaleko pilo bat infekzio dauzkate. Mimetizatu egiten zara, baina zikin-zikin egoten zara, gainean hauts baltz-baltz bategaz. Umeek infekzio asko edukitzen dituzte azalean. Harrigarria da, baina, zelan birsortzen zaien azala. Ez daude botiketara ohituta, eta ez dute izaten antibiotiko faltarik osatzeko. Malaria kasuak ere badaude, eta botika faltagatik hiltzen dira askotan. Ni nengoela Jacako bi erizain etorri ziren. Tentsioa hartzen-eta egon ziren komunitatean. Zur eta lur geratu ziren gizon eta andre zaharren tentsioagaz: 200dik gorakoa edukitzen dute. Yumbo izeneko pozoi bat hartzen dute egunero, askotan utzik, eta horrek tentsioa igotzen du.
Botikak eskura izaten dituzte?
Ospitalera joan nintzen erizain haiekin, eta medikamendu batzuk ekarri zizkioten Veronicari. Ospitalean hilabete zeuden ia ezer barik. 18 urteko neska bat zegoen bertan, oso gaixo, tentsio altua izan zuen haurdunaldian, eta operatu egin beharra zegoen. Baina ez zuten ostean emateko botikarik. Gero jakin genuen neska hil egin zela. Oso bizitza alaia da, baina oso gogorra. Gutxienekoak falta zaizkie. Farmazietan-eta korrupzio handia dago.
Turismoa dagoen lekua da?
Bijilon badago kale turistiko bat: hotelak daude, jatetxe txinatarrak, italiarrak… Turismo sexuala sortu da haren inguruan. Neska gazte asko zurien bila doaz, erregalu bat edo bizi hobe bat lortzeko itxaropenagaz.Veronicak umeei herramintak eman nahi dizkie, euren burua eta herria eurek garatu dezaten. Beti esaten die: «Europa ez da etorkizuna, badituzue baliabideak».
Zu zelan komunikatzen zinen komunitateko bizilagunekin?
Etxean 27 urteko loba bat zegoen, eta seme gazte bat. Ingelesez egiten nuen eurekin, eta andreari eurek egiten zioten itzulpena. Wolof apur bat ere ikasi nuen.
Sunu Buga Bugari buruzko ikus-entzunezko bat ere egin zenuen, ezta?
Bai, elkarrizketak egin nizkien Veronicari eta haren senar Ebouri, komunitateko aitona bati, ama bati, maisu bati. Dokumentalak erakusten ditu umeak ikasten, jolasten, erizainak… Hasieran oso gaitza izan zen umeek kamerari ez begiratzea, baina lortu nuen. Kamerara ohitu arte ez nituen imajinak hartu, egunerokotasuna islatzeko.
Zenbat egunetan egon zinen grabaketak egiten?
Azken bi asteetan. Sunu Buga Buga deitzen da dokumentala, erakundea modura. Sunuk esan nahi du geu, talde bat eta buga bugak asko-asko. Danori asko asko gustatzen zaiguna esan nahi du.
Eta asko-asko gustatzen zaiena euren komunitatean bizitzea da.
Bai. Egun osoa pasatzen dute komunitatean. Eguzkiak irtetzen duenean kalean daude ura jasotzen. Veronicak 08:00etan zabaltzen du botikina eta 10:00etan eskola. Baina eguzkiak irten orduko, bueltaka dabiltza guztiak. Zapatuetan zinea edukitzen dute: marrazkiak ikusten dituzte.
Bertan zer gustatu zaizu asko-asko?
Egia esan, buelta nahiko nuke egin. Hamengo lasaitasuna eta hangoa ez da gauza bera. Ni han gustura nengoen, pozik, naturaren parte modura. Eta etorri nintzenean, negar eta negar egon nintzen. Gauza asko daude han egiteko, baina beste era batera, hango erritmoan, naturalago.
Hango egun batek hemengoak baino ordu gehiago dituela dirudi?
Ba. Han ez da denborarik galtzen. Ordu guztiak ondo aprobetxaten dira. Askotan pentsatzen dut: «Ni hemen zertan nago?». Oinarrizko gauzak ziurtatuta edukita, jendeak han beste poztasun bat dauka. Mikroekonomia bat sortzen dute emakumeek, elkar lagunduta.
Baten baten falta izango duzu…
7 urteko mutiko bat gogoratzen dut bereziki: Hassan. Idaztea gustatzen zaio, ikastea, Interesa dauka, eta hori ondo dago. Gure ondoko etxekoak ere, beti zeuden geure etxean. 6 eta 14 urteko dituzte. Logelan ispilu bat nuen, eta denbora guztian ispilu aurrean jolasten egoten ziren, eta argiaren botoiari gora eta behera egiten.