Akordiorako oinarri bat lortu dute eskola garraioko begiraleek Jaurlaritzagaz
Eusko Jaurlaritzarekin bilera izan zuten atzo arratsaldean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola garraioko begiraleen ordezkariek eta enpresek, eta, ELA eta LAB sindikatuak jakinarazi dutenez, aurre akordio bat hitzartu zuten bertan. Orain, testu hori hiru herrialdeetako langileen batzarretara eramango dutela azaldu dute sindikatuek. Gaur arratsaldean egingo dute hori, eta langileen oniritzia jasoz gero, begiraleek bihar bertan greba bertan behera utziko luketela adierazi dute.
Aurre akordio horren ildoak bihar 11:30ean Bilbon emango duten prentsaurrekoan azalduko dituztela jakinarazi dute. Besteak beste, akordio horren bitartez, erreforma gelditzea lortuko luketela azaldu du LAB sindikatuak; ultraktibititate mugagabea lortu dutela jakinarazi du eta. Hala, hitzarmena ez aplikatzeko prozeduran, “nahita nahiez adostasun batera heldu beharko litzateke langileekin”. Halaber, akordio horren arabera, hezkuntza saileko ekiparazio mailan, aurrerapausuak ematea lortuko lukete, orain arte %95a izan dena aurrerantzean %98,5a bihurtuta. Horrek langileen soldatetan igoera suposatuko lukeela azaldu du LAB sindikatuak.
Hainbat protesta
Hainbat protesta egin dituzte azkenaldian eskola garraioko begiraleek; joan den astean, esaterako, greba mugagabea hasi zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 500 bat begiralek, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deituta. Protesta horiekin “lan baldintza hobeak” eskatu dituzte; izan ere, “soldatak izoztuta dituzte 2009. urteaz geroztik”, eta, horrenbestez, hitzarmen barria sinatu arte borrokatuko zirela esan zuen LABek. Greba mugagabea hasi orduko ere, bost greba egun izan zituzten ikastetxe publikoetan neska-mutikoak autobusean eta jolastokian zaintzen aritzen diren begiraleek.
Lea-Artibain eta Mutrikun Lekeitioko eskola publikoko begiraleak dira joan den astean greba mugagabea hasi zutenak, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deituta. Hortaz, begiraleak greban daudenez, ikastetxera joateko garraiorik ez dute Lekeition. Ondarroan, Markina-Xemeinen, Amoroton, Ispasterren, Berriatuan eta Etxebarrin begiraleek ez dute grebagaz bat egin. Gainerako eskoletan, taxi zerbitzua daukate eta begiralerik badute, ez daude greban.