“Kalteak handiak izan dira: hautsitako errepideak daude, luperiak, eta ia guztiz desagertutako hondartzak”. Hitz horiekin deskribatu zuen Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak asteburuan itsasoak euskal kostaldean eragindako triskantza. Gaurko “gobernu kontseiluan lehen kalkulu bat ematen saiatuko” zela iragarri zuen atzo Oregik, baina, bere esanetan, “goiz da oraindik asteburuko denboralearen ondoren euskal portuetan egin behar diren konponketen behin betiko kostua zehazteko”. Hortaz, esan du kalteen balorazioa egiteko “denboralea pasatu arte itxarotea komeni” dela. Foru Aldundiak, bere aldetik, bi milioi eurotan baloratu ditu Bizkaian izandako kalteak. Zenbateko horretan, alabaina, ez daude zenbatuta portuetan izandako ondorioak, ez baitira diputazioaren eskumena. Aktibitate pribatuetan eragindako kalteak ere zifra horretatik kanpo daude.
Hasierako kalkulu bat ematen saiatuko badira ere, egin beharreko konponketa guztien kostua baloratzeko goizegi dela dio Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak
Aldundiko bozeramaile Unai Rementeriak eman ditu gaur goizean datuak, eta nabarmendu du behin-behineko estimazio bat baino ez dela, oraindik ari baitira kalteen inguruko informazioa jasotzen. Zehaztu duenez, itsas denboraleak, batik bat, portuetan eta hondartzetan izan du eragina. Etxebizitzetan eta lokal komertzialetan izandako kalteak txikiagoak izan direla esan du.
Oregiren iritziz, bestalde, “premiazkoa da” kaltetutako babes kai-muturrak konpontzea. Horrez gain, Ingurumen sailburuak esan du portuak Jaurlaritzaren eskuduntza direla, baina zehaztu du Espainiako Ingurumen idazkari Federico Ramosekin ere harremanetan direla: “Beraiek egindako aurreikuspenak eskatu dizkiogu”. Era berean, Foru Aldundiagaz ere harremanetan da Eusko Jaurlaritza, diputazioaren eskuduntza direlako errepideak eta hondartzak, esaterako. Horiez gain, udalekin ere harremanetan jarri da, “herri eta hirietan izan diren kalteak baloratzeko”. Azkenik, norbanakoekin eta enpresa pribatuekin izan da. Gainera, aseguru etxeek euren gain hartuko dutena ere jakin behar dute: aseguru etxe pribatuak, administrazio publikoarenak eta udalenak… Hori horrela, denen arteko koordinazio lana egitera konprometitu da Jaurlaritza.
Udalen, Jaurlaritzaren eta Aldundien arteko elkarlana beharrezkoa dela azpimarratu du Oregik; koordinazio lana egiteko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak
Behin-behineko balorazioa egin du, dena den, Eusko Jaurlaritzak: Bermeon Frantxuetako espaldoia hautsi du itsas denboraleak, eta, ondorioz, urak kalteak eragin ditu lonjetan eta sarbideetako kontrolean. Olatu-horma bi lekutan apurtu da, pantalan bat suntsitu eta hamabi ontzi hondoratu. Halaber, zoladura altxatu du itsasoak, kale-argiak apurtu, Xixili kaiko lauzak mugitu eta olatu-hormako hainbat harri askatu. Mundakan, bestalde, ainguratzeko elementuak suntsitu ditu denboraleak, pantalan bat desagertarazi, eta hiru ontzi hondoratu.
Jaurlaritzak bi herri horien inguruko datuak baino ez ditu oraindik eman, baina kostako beste zenbait lekutan ere kalteak izan dira; Elantxoben, Sukarrietan eta Ean, esaterako.
KALTEAK_EUSKAL_PORTUETAN