
Ondarroako Udaleko Kirol Batzordeak antolatutako Ondarroako Kirolaren Gala ospatuko da datorren
martitzenean Kofradia Zaharrean. 2013 urteko kirol sariak banatuko dituzte
19:30ean hasiko den ekitaldian.
Denetara lau sari banatuko dituzte: urteko kirolaria emakumezkoa, urteko kirolaria gizonezkoa, urteko kirol taldea eta aipamen berezia.
Koaxi Triatloi Taldeko
Ioana Osa izendatu dute 2013 urteko kirolaria emakumezkoetan. Ondarroako taldean ari den kirolariak marka bikainak lortu zituen iazko denboraldian eta Durangon egindako 2013ko Triatloi Galan ere nagusien mailako bigarren saria hartu berri du.
Eskaladako Euskadiko Txapelduna
Iñaki Arantzamendi izango da gizonezkoen urteko kirolaria. 2012ko hirugarren postua hobetzera joan zen txapelketara eta 2013ko txapelagaz itzuli zen. Indartsu ibili zen iaz ondarrutarra.
Urteko kirol taldea, berriz,
Ondarroako arraun taldeko gazteen taldea izendatu dute. Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako batelen txapelketak irabazi zituzten iaz. Banderak Ondarroara ekarri eta gero, batelen denboraldia «ondo baino hobeto» amaitu zutela esan zuten arraunlariek.
Aipamen berezia
Aurtengo kirolaren galan aipamen berezia egingo diote
Dinamartxari. Dina Bilbao triatleta ondarrutarragaz gogoratuz martxa herrikoia antolatzen dihardute, Bolo-Bolok lehenengo eta Radixuk gero, hamasei urtetan. Emakume kirolari eta abenturazalearen liburua ere atera berri dute Nagore Salaberria tolosarrak egindako ikerketan oinarrituta.
Sarituez gainera,
Ibon Oregi triatleta markinarra ere gonbidatu du kirol batzordeak galara. Oregik ere denboraldi bikaina egin zuen iaz eta Urrian, Hawaiin egingo den IronMan-erako sailkatu da.