Abortuaren gaiak zeresan handia eman du. Lege aldaketa berriak hauts asko harrotu ditu, eta mota guztietako iritziak entzun ditugu jendartean.
Abortu eskubidea, baina, ez da kontu berria. Lehenengoz, 1937. urtean onartu zen emakumeentzako abortu eskubidea, baina epe labur batez baino ez zuen legeak babestu Espainiako estatuan. Ordura arte, abortatzen zuten emakumeei zigorrak ezartzen zizkieten. 1936ko abenduan, anarkisten iniziatibari jarraituz, abortuaren legearen erreforma onartu zuen Kataluniako Generalitat-eak. 36ko Gerraren erdi-erdian hartutako erabakia izan zen. Lege berri horrekin, lehen aldiz, haurdunaldia eteten zuen emakumeak ez zuen ordura arte ezarrita zegoen zigorrik jasotzen.
Garai hartarako oso lege aurrerakoia izan zen. Izan ere, eragindako abortuaren kasuan politika oso irekia onartu zuten. Lege horrek esaten zuenaren arabera, lau kasutan aborta zitekeen: arrazoi terapeutikoengatik (amaren gaixotasun fisiko edo psikikoak zeudenean, zeinak umearen osasuna baldintza zezakeen), arrazoi eugenikoengatik, jaiotzaren kontrola egiteko gogoagatik edota arrazoi etikoengatik eta sentimentalengatik.

Abortatzeko eskubidea onartzeaz gain, arau berri horrek beste aldaketa batzuk ere proposatu zituen; horien artean, emakume langileentzako eta beraien seme-alabentzako laguntza medikoa, planifikazio familiarrerako zerbitzuen eskaintza eta amatasunerako laguntza. Hartara, emakumeak ama moduan zeukan bizi kalitatea hobetzeko aukera zuen, eta, aldi berean, abortatu ala ez erabakitzeko eskubide gehiago eskuratu zituen.
Esan modura, baina, lege horrek oso gutxi iraun zuen. Hain zuzen ere, Francoren erregimenak legea bertan behera laga zuen 1937ko maiatzean. Francok, emakumeak eskuratutako askatasun urriak atzera bota, eta beste gauza askoren artean, amatasuna emakumearen zeregin sakratu gisa berrezarri nahi izan zuen.
Legearen aurrean zigortua
Ordundik eta 1985. urtera arte, abortatu izana zigortu izan dute Espainiako estatuan, eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian. Emakume batek umerik eduki nahi ez zuen kasuetan, Ingalaterrara, Londresera joan behar izaten zuen haurdunaldia eteteko; edo haurdunaldia zortzi aste baino gutxiagokoa izanez gero, Miarritzera. Ostean, 1985ean, zigorra kendu zuten haurdunaldia ustezko hiru kasu hauetan eteten baldin bazen: amaren osasun fisiko edo psikikoa arriskuan zegoenean, amak bortxaketa bat jasan zuen kasuetan eta umekiak malformazio edo akatsen bat zuenetan. Beste kasuak ez zituen legeak babesten, eta, ondorioz, emakumeak beste bitarteko batzuk erabili behar izaten zituen.
2010. urtean, Sexu eta Ugalketa Osasun eta Haurdunaldia Borondatez Etetearen Legea (HBE) onartu zuten. Oraintsu, baina, Espainiako Gobernua hura aldatzeko pausoak ematen hasi da, eta eztabaida handia sortu da jendartean; era berean, mugimendu feministaren erabateko gutxiespena jaso du proposamenak.
PPren gobernuak bultzatutako lege berri horrek 1985eko eredua –diktadura ostean onartu zuten abortuari buruzko lehen legea– baino atzeragoko egoerara itzultzea ekarriko luke. Mugimendu feministak behin eta berriz esan duenez, emakumeen eskubideen kontrako eraso zuzen-zuzena da. Izan ere, Gallardonen legea deritzon horrek abortu askea baimentzen du, hamalau asteren barruan egiten bada, baina, betiere, emakumeak hiru eguneko hausnarketa epe bat egin ondoren. Hori emakumeen gehiengoak borrokatzen dituen helburuetatik «oso-oso urrun» dago: edozein emakumerentzat abortu askea, ziurra eta doakoa gizarte segurantza sistemaren barruan. «Eskubide hori ez da eskubidea etorkin eta paperik barik dauden emakumeentzat. Azken urteetan egindako murrizketen ondorioz, ez dute sarbiderik osasun publikora», gogoratu dute.
Edonola ere, abortatzeko eskubideari buruzko gogoeta hori ez dela kasualitate hutsa dio mugimendu feministak. Izan ere, horren atzean «eraso ideologiko, erreakzionario eta dogmatiko latza» dagoela salatu du. Horri lotuta, zerbitzu publikoetan gauzatutako murrizketek zaintza eta ugalketa lanetan orain arte Espainiako estatuak babestutako gutxi hori baztertu egin dutela diote. «Ondorioz, lan horren zama emakumeek hartu dute euren bizkar gainean, eta hartuko dute. Bada, andreek dute Estatuaren disfuntzio hori euren gain hartzeko betebeharra».
Azken urteetan abortatzea modu oso ezberdinetan gauzatu da, eta etorkizunean, ezarri nahi dituzten neurriak tarteko, ezberdintasunak areagotu egingo dira.
Era horretan, baliabide ekonomiko nahikoak dituzten emakumeak izango dira era seguruan abortatu ahal izango dutenak; hain lege zurruna ez duten herrialdeetara joango dira, orain hamarkada batzuk egiten zen modura. «Krisi izenez batailatu duten iruzur horri esker, gero eta emakume gutxiagok izango dugu aukera horri eusteko modua». Baliabide ekonomiko gutxiko emakume langileentzat eta ikasle direnentzat, hortaz, zailtasun handiagoak egongo dira. Arrazoi hori dela eta, klandestinitatean abortatzera jo beharko dute, egokiak ez diren baldintzetan. «Euren bizitzak arriskuan jartzeko kaltebide larria izango dute».
Gainera, 18 urte baino gutxiago dituzten andreek gurasoen baimen barik ezin izango dute abortatu. Hori «guztiz harritzekoa» da, Espainiako estatuan ezkondu ahal izateko gutxieneko adin legala 16 urtekoa izanik, eta legearen ikuspuntutik 13 urtetik haratagoko nerabeek harreman sexualak eduki ditzaketenean. Nolanahi ere, legez kanpo abortatzera derrigortuta dauden emakumeek zein zigor izango duten ez du inork zehaztu oraindik: Espainiako Justizia Ministerioak ez du horri buruz ezer esan.
«Behartuta geunden abortu itxura zeukaten kasu guztiak salatzera»
Marisa Herrero Piqueras (Lekeitio, 1947) Ginekologian espezializatutako medikua da. Lanean hasi zenetik, abortuaren inguruko esperientzia ezberdinak ezagutu ditu. Osasungintzan lanean hasi zen garaian abortatzea zigortuta zegoen, eta legearen eboluzioa gertu-gertutik ikusi du.
Noiz hasi zinen ginekologia arloan lanean?
1978. urtean hasi nuen Ginekologia espezialitatea, Gurutzetako ospitalean. Garai hartan legeak zigortuta zegoen abortatzea, eta osasun arloko profesionalak behartuta geunden abortu itxura zeukaten kasu guztiak salatzera.
Zer suposatzen zuen baldintza horietan abortatzeak?
Abortu baten ostean, hiltzeko edo kartzelaratua izateko arriskuari aurre egin behar izaten zion emakumeak. Izan ere, ospitalean abortu batek sortutako odoljario edo infekzio larriagaz azalduz gero, sei hilabetetik aurrerako kartzela zigorrari aurre egin behar zion. Emakume askok bere bizia arriskuan jartzen zuen.
Egoera horri aurre egiteko zer erantzun eman zuen jendarteak ?
Emakume taldeak antolatu ziren, eta abortuaren inguruan sekulako kanpaina abiatu zuten. Sasoi hartan, 11 emakumeren kontrako epaiketa hasi zen Bilbon, eta horrek bultzada handia eman zion emakume taldeek abiatutako kapainari.
Zuk nola parte hartu zenuen borroka hartan?
Gurutzetan espezialitatea egiten ari ginen ginekologo talde batek Errekaldeko modulu psiko-sozialean kolaboratzen genuen. Bertan, 1985. urtera bitartean, abortatu nahi zuten emakumeei arreta zerbitzua eskaintzen genien. Abortatuz gero erabiliko zuten metodoaren berri ematen genien.
Zeintzuk ziren metodo horiek?
Londresera joaten zirenei umetokiaren garbiketa bat egiten zieten operazio baten bitartez, libratzeko legratua deritzona. Haurdunaldia zortzi astetik beherakoa zen kasuetan, berriz, emakumeak Miarritzera joateko aukera zuen. Miarritzen, anestesia lokala erabilita, xurgapen bat egiten zioten, eta egunean bertan etxera bueltatzeko moduan izaten zen.
Zer aldaketa ekarri zuen PSOEren lege berriak?
1985etik aurrera abortua despenalizatu zuen PSOEk. Urte hartan, abortua ez zuten zigortzen bortxaketa bat izan zen kasuetan, fetuak malformazioren bat zeukanean edo amak gaixotasun larria, fisikoa nahiz psikikoa izateko arriskua zuen kasuetan. Hala ere, Euskal Herrian abortuak klinika pribatuetan soilik egiten zituzten. Osasun pubikoa oso gutxitan egiten zen abortuen kargu, eta emakumeek abortuaren kostu guztia bere gain hartu behar izaten zuten.
Noiz etorri zen hurrengo aldaketa?
PSOEk 2010ean aldatu zuen legea, eta abortua emakumearen eskubide gisa onartu zuen. Antisorgailuen efikazia ez denez %100ekoa, abortu eskubidea onartu zuten, betiere, abortua haurdunaldiko hamabigarren astea baino lehen eginez gero.
Zer egin behar du abortatu nahi duen emakumeak?
Gertuen daukan osasun zentrora joan. Emaginak abortuaren prozesua nolakoa den azalduko dio, eta hiru eguneko epean, Osakidetzak klinika pribatu batera igorriko du. Kostua osasun publikoak hartzen du bere gain. Lege horrekin, 16 eta 18 urte bitarteko gazteek beraien kabuz erabaki dezakete abortatu ala ez, betiere, gurasoak erabakiaren jakitun izanda.
Zeintzu aldaketa ekarriko ditu PPk proposatutako lege aldaketak?
Lege berriak 1985 aurreko egoerara eramango gaitu. Lege horrek, jaio gabekoaren eskubidearen izenean, ez du malformazioen kasuan aborturik onartzen. Bitxia da eskubide horiez hitz egitea beraiek ezarritako murrizketen politikak menpekotasuna duten pertsonak duintasunik barik bizitzera kondenatu eta emakumeak zaintzaile gisa beraiek menpeko bihurtzen dituenean. Horrez gain, ezin genezake ahaztu abortu bati aurre egiten dion emakume bakoitzak jasan behar duen antsietate egoera. Erabakia hartzea ez da erraza, eta are gutxiago jendarteko sektore indartsuenak komunikabideen gainean duen kontrola baliatuz abortuaren aurka egiten duten kanpainagaz.
«Erreforma hau sistema matxistaren aurkako borrokan atzerapauso bat da»
Abortu eskubidearen aldeko borroka mugimendu feministaren ardatzetako bat da. Abortua Kode Penaletik atera, sexologia bere osotasunean hezkuntza sisteman sartu eta emakumeen erabakitzeko eskubidea bermatzeko aldarria aspaldikoa da. Emakume taldeetan lanean urte asko daramatza Rakel Aspiazu Etxebarriak (Ondarroa, 1946), azkenengoak Uxu Emakumeen taldean.
Abortu eskubidearen aldeko borroka borroka luzea duzue.
Orain 35 urte feministok abortu librea, doakoa eta osasun sare publikoan egiteko eskatu genuen, eta orain ere gauza bera aldarrikatzen dugu. Izan ere, emakumeoi oraindik ez zaigu aitortzen gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea. Ondarroan 1979an atera ginen lehen aldiz kalera, Basauriko 11 emakumeren askatasuna eskatzen.Urte hartan emakume taldea zegoen Ondarroan, eta taldeak bultzatuta irten ginen lehen aldiz, abortu eskubidea aldarrikatzera.
Inork izan beharko luke beste bati dagokion erabakia hartzeko aukerarik?
Ez. Emakumeok badakigu gure gorputzagaz, gure bizitzagaz zer egin nahi dugun. Ez dugu behar inoren zaintzarik, ez gobernuarenik, ez beste inorenik. Erreforma hau geure bizitza, geure sexualitatea kontrolatuta izateko modu bat da, eta sistema matxistaren kontrako borrokan atzerapauso handi-handi bat da. Lege hori aurrera badoa, baimena beharko da abortatzeko. Emakumeak subjektu pasibo modura agertuko ginateke, geure erabakiak hartzeko gai ez bagina modura. Adingabeko ume bat bagina modura hartuko gintuzkete. Hori oso larria da.
Hala ere, emakume batzuk lege horren alde daude.
Hor, alde batetik, eliza katolikoa dago, eta, bestetik, txarto deitutako bizitzaren aldeko talde bat. Moralitate kontu bat da hori, eta eztabaida etiko bat sortu nahi dute. Horregaz guztiagaz korapilo bat egiten dute, eta errealitatean dauden datuak manipulatu. Askotan gauza bat baieztatzen dute, jendea engainatzeko: emakumeak bizitza guztirako traumatizatuta geratzen direla abortatu eta gero. Horri buruz ez dago oraindik azterketa bat eginda. Ni neu abortatuta nago, eta nik ez daukat traumarik; nik liberazioa hartu nuen. Egongo da traumatizatuta geratu denik, baina ezin da hori baieztapena horrela bota. Abortu bat egiten duzunean arrazoiak dauzkazu, bestela ez duzu egiten. Edo ez duzu nahi umerik eduki. Eskubide guztia daukagu ama izateko edo ez izateko. Ezin da inposatu ume bat izatea edo ez izatea. Eta eskubide bat egon behar da, nahi duenak erabiltzeko.
Heziketa egoki baten aldeko apustua ezinbestekoa da, ezta?
Guztiz. Sexualitatea ez da bakarrik anatomia. Hezkuntza sisteman ez da ganorazko heziketarik ematen, hor dago gakoa. Mugimendu feministatik beti eskatu dugu sexualitatea bere osotasunean hezkuntzako curriculumean gai garrantzitsu modura hartzeko. Gu ez gara inkubagailuak bakarrik. Hori baino askoz gehiago gara. Sexualitatea modu askotara nahi dugu bizi. Abaniko zabala garen momentuan, heziketa ona ematea eskatzen dugu.
Lege berriak klandestinitatea eta ezberdintasunak ekarriko dituela salatu duzue. 70eko hamarkadan klandestinitate hutsean abortatu zuen inor ezagutu al zenuen?
Ez, baina asko eta asko joan ziren kanpora abortatzera. 1978. urtean sortu zen Ondarroako emakume taldea, eta pilo bat jenderi lagundu genion, patrikatik dirua ipinita ere bai. Ondarroan talde bat zegoela jakin zutenean, Elorriotik-eta ere etorri zen jendea. Ez geneukan, baina, danentzat dirurik. Beste bide batzuk ere bazeuden. Bilbon egiten ziren abortuak, eta hara bideratzen genituen emakumeak.
Aldarrikapen urteak ziren…
Orduan hasi ziren familia plangintzak-eta indarra hartzen. Ondarroan 1981ean hasi ginen udalean aldarrikatzen, eta lortu egin genuen. Familia plangintzan administrari bat, sexologo bat eta ginekologo bat zeuden. Zerbitzu borobila zen. Hiru urte egin zituen aukeratu genuen taldeak. Bigarren urterako sexologa barik geratu ginen, dirurik ez zegoelako.
PPren legea ez dela onargarria hasi dira esaten Europatik.
Frantziako eskuma-eskumako Mary Leppeni ere ez zaio egokia iruditzen, pentsa. Mugimendu feministak ez du onartuko eraso hau. Emakumeen sexualitatea amatasunari mugatzeari uko egiten diogu sutsuki. Gure gorputza, gure erabakia.