Peru Aranburu eta Zurine Gojenola (Errigora): «Kanpainak guk jarritako helburuak gainditu ditu»
Argiako publizitate onenaren saria jaso duzue, espero zenuten? Zurine Gojenola:Ez genuen espero inondik inora. Izan be, honelako proiektuetan hasten zarenean, ez zaude sariekin pentsatzen, helburu nagusi proiektua bera ondo ateratzea izaten da. Are gehiago, proiektua hasi berria denean. Baina kanpainak guk jarritako helburuak gainditu egin dituela ikusita sekulako poza hartu genuen eta horren ostean Argia saria jasotzea… Aurrez aurre daukagunari irriparre berri bategaz ekiteko motiboa da. Baliabide gutxirekin egindako kanpaina izan da Errigorarena? Z.G: Errigoraren baliabide nagusia lan humanoa izan da, proiektuan sinistu eta lan piloa egin duten herritar bolondresen multzoa. Gugana ere, holan etorri ziren hasieran eta zelan edo halan gure ezagutzetatik esku bat botatzen saiatu gara, komunikazioan aritu garen hirurok be honetan nahiko berriak ginela jakitun. Baina gogoa eduki ezkero, danagaz ahal da eta Errigoraren koordinazioan ibili direnen hordagoari, hobeto edo txarrago baina komunikaziotik be saiatu gara eusten. Hortxe egon da gakoa. Zein izan da kanpainako punturik indartsuena? Z.G: Talde lana da klabea. Bakoitzak bere izaera eta ezagutzetatik bere ekarpena egitea izan da garrantzitsuena. Esandako moduan, komunikazioan espreski Txaber Larreategi, Alejandra Goikoetxea eta ni ibili gara. Txaber gehiago diseinu grafikoaren aldetik eta baita bideoren baten sorkuntzan be. Alejandra eta biok markaren definizioa, posizionamendua eta bueno bestelako bitarteko batzuen sorkuntzan. Peru Aranburu: . Komunikazio baliabideak zabaltzeko ezinbestekoa izan da Errigorako sareak egin duen lana. Sortu dugun material guztia ahoz- aho zabaldu eta ezagutzera ematea. Zelan hasi zineten proiektu honetan lanean? Z.G: Dirurik ez dagoenean auzokoarengana jo ohi dugu laguntza eske, batez ere, laguntza ukatuko ez dizula dakizun auzokidearengana. Gugana ere horrela etorri zirela esango nuke. Guk komunikazio ikasketak egin ditugu eta gainera herri mugimenduan aritu izan gara beti. Igarri zuten, ezetzik ez genien esan eta. Eta bueno, gustora aritu gara honetan. Egia esanda, ikasketak arlo honetan burutu ditugu, baina guretzako be erronka bat izan da. Zeozer berria izan da eta norberak be azkenean eskertzen du, ibilian ikasten da eta. Gainera, saria jasota… ezin gehiagorik eskatu.. Hemendik aurrera zer izango da Errigoraren lana? Z.G: Komunikazio arloan aurrera begirakoari buruz berba egiteko oraindik goiz dela esango nuke. Orain, aurreko kanpainaren balorazioa egitekoak gara. Zeretan igarri dugun, zertan hobetu behar dugun… P.A: Proiektuari dagokionez, hasierako bideoan azaldutako helburu berberekin jarraitzen du Errigorak. Nekazaritza ardatz hartuta, Euskal Herria eraikitzen jarraitu gura dugu beti ere euskalgintza laguntzeko konpromisoarekin. Udaberrian beste kanpaina bat jarriko dugu martxan, xumeagoa. Horrez gain, ideia konkretuak lantzen ari gara bertoko produktuen kontsumoa ahalbidetzeko.