Markina-Xemeingo Leartiker Teknologia zentroak Leonor Nunes Portugaleko Itsasoa eta Atmosfera Institutuko partaideagaz sinatu du hitzarmena, arrantza sektorean produktu berriak garatzea helburu hartuta.
Portugalgo entitatearen eta Leartikerren arteko akordioa Bizkaiko Foru Aldundiak nazioarteko adituen artean elkarlana sustatzeko eskainitako laguntza bati esker gauzatu da.
Lea-Artibaiko kontserba enpresa eta arrantza industrian diharduten enpresek aktiboki parte hartuko dute garatuko diren egitasmoetan, eta nazioarteko lankidetza horri esker lortutako hobekuntzez baliatuko dira.
Akordio horri esker, hurrengo bi urteetan enpresa eta erakunde ezberdinak bisitatuko dituzte ikertzaileak eta Leartikerreko adituek, «produktu berrietan ezagutza eta berrikuntza prozesuak partekatzeko».
Arrantza sektorea Lea-Artibai eskualdeko jarduera garrantzitsuenetako bat da, eta bere inguruan beste sektoreetako jarduera asko biltzen ditu, hala nola, arrantza eta arrantza tresnak eta kontserba jardueragaz lotutako zerbitzuak.