Tanzanian (Afrika) egon da Iratxe Zapirain Gomes (Lekeitio, 1980), sei hilabetez. Aurretik, lagunekin egindako bidaia batean ezagutu zuen Afrikako herrialdea, baina azkena egonaldi luzea izan da. Hasiera batean Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin lan egiteko asmoarekin joan zen Tanzaniara, baina azken lau hilabeteetan ile-apaintzaile gisa lanean aritu da bertan.
Nola sortu zen Tanzaniara joateko ideia?
Iazko urtarrilean hogei egunez egon nintzen bertan, beste bi lagunekin batera. Bidaia horretatik itzulitakoan, Afrikara bueltatu behar nuela sentitu nuen. Bizitzan aldaketa bat behar nuela sentitzen nuen, eta zerbait egiteke utzi nuenaren sentsazioarekin itzuli nintzen. Horrela, dirua aurreztu eta Tanzaniara bultatu nintzen.
Zein asmorekin itzuli zinen?
Lagunekin egindako bidaian Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) batekin aritu ginen boluntario gisa. Bertan, eskola batean lan egiten genuen. Azken bidaia honetan ere gauza bera egiteko asmoarekin joan nintzen, baina egonaldia luzeagoa izango zela aurreikusten nuen. Hasiera batean, gehienez ere lau hilabetez geratzeko asmoarekin joan nintzen, baina, gertakari bitxi batzuk tarteko, azkenean egonaldia bi hilabetez luzatu zen.
Zeintzuk gertakari?
Gauza askok luzatu zuten Afrikako egonaldia. Bidaia agentziarekin lau hilabeterako bisa adostu nuen. Egonaldiko lehen hilabetean, kalean nengoela, ahiotz batekin mehatxatu eta lapurtu egin zidaten; dokumentazio guztia galdu nuen. Espainiako kontsulatura joan nintzen orduan; dokumentazio berririk emango ez zidatela jakinarazi zidaten, baina, behar izanez gero, bueltarako bidaia antolatuko zidatela. Hori dela eta, bidaia luzatzeko aprobetxatu, eta aurreztuta neukan diru guztia xahutu arte geratu nintzen.
Zehazki, Tanzaniako zein lekutan egon zara?
Moshi hiruburuan, Soweto izeneko auzo txiro batean.
Hango bizilagunekin hartueman estua izan al duzu?
Tanzaniako bizilagunen artean bizitzea erabaki nuen, euren moduan bizi, jan, mugitu eta lan egin nahi bainuen. Horregatik, hango bizilagunekin batera alokatu nuen pisua.
Zelakoak dira hango biztanleak?
Hasiera batean asko kosta zitzaidan harreman zintzo bat sortzea. Zuriak garen heinean, saihestezina da haiek gu diru iturri bezala ikustea. Horregatik, sarritan dirua eskatzeko edo bestelako interes bat tarteko egiten zuten harremana nirekin. Hala ere, denborarekin benetako lagunak egiteko aukera izan dut.
Dirua izateak edo kanpokoa izateak hainbeste baldintzatzen al zaitu?
Bai, izugarri. Europarrentzako dena da garestiagoa. Bidaiatzea oso garestia da, eta edozerren truke ordaindu behar da han. Tanzaniako leku ezberdinak ezagutzeko asmoz, bidaia txiki bat egitera joan nintzen bertan ezagututako lagun batekin. Bidaia hartan, autobuseko txartelak erosterakokoan ezkutatu egiten nintzen lagunak txartelak erosi bitartean, ni alboan egonez gero, prezioa askoz ere garestiagoa izango litzatekeelako. Horrez gain, etengabe dirua eskatzen aritzen dira, eta hori azkenean oso astuna izaten da. Aldi berean, baina, ulertzekoa ere bada. Beraien lehentasunak dirua eta lana dira, eta gero datoz familia eta maitasuna. Etengabe ari dira biziraupenean pentsatzen, dirurik edo lanik ez badago familiarik ere ez dagoelako.
Zer egin duzu Tanzanian egon zaren bitartean?
Hasiera batean, Gobernuz Kanpoko Erakunde batean lanean egon nintzen, baina deseingainu handia hartu nuen, eta hilabetera eskolako lana utzi nuen. Aurrerantzean nire benetako ogibidean aritu nintekeela pentsatu nuen, eta etxez etxe ile-apaintzaile moduan aritzeko iragarkiak jarri nituen.
Afrikarren ileak orrazten ere aritu zara, beraz.
Ezta pentsatu ere, beraien ilea beraiek baino ezin dute-eta landu. Han bizi diren europar eta amerikarren ilea apaintzen aritu naiz. Oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat. Izan ere, mota guztietako eta kultura ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera izan dut; tartean, jende oso aberatsa edo asko bidaiatu duena.
Zer da gehien harritu zaituena?
Hasiera batean denak harritzen ninduen. Bitxia iruditzen zitzaidan argia eta gasa egunean-egunean erosi beharra edo autobusean 30 pertsonarentzako lekua zegoenean 80 lagunek bidaiatzea. Tabako dendetan zigarroak banan-banan erosi behar izatea edo Tanzaniako edozein txokotan zapatak konpontzeko zerbitzua aurkitzea harrigarria egiten zitzaidan. Horrez gain, oso deigarria iruditu zitzaidan adin guztietako bizilagunek etengabe telefono mugikorra erabiltzeko duten ohitura. Horretan, gure gizartearen antz handia du.
Zer da bidaiatik ekarri duzun gauzarik positiboena?
Orokorrean, esperientzia positiboa izan da; pertsona moduan hazten lagundu dit. Hemengoen gabeziaz jabetzeko aukera ere izan dut, eta ez naiz gauza materialez ari. Bertan, oso ondo moldatu naiz, eta ez dut ezeren falta igarri. Egia esan, komuneko papera asko bota dut faltan.
Eta zerbait negatiboa ekarri duzu?
Gutxien gustatu zaidana harreman sozialak garatzeko zailtasuna izan da.
Tribu eta erlijio ezberdinetako bizilagunak daude Tanzanian.
Bai, hala da. 120 tribu ezberdin daude Tanzanian, bakoitza bere dialektuarekin. Oso arrunta da zein erlijiotakoa zaren galdetzea; beraientzat sinestezina da erlijio konkretu bat eduki barik bizi naizela jakitea. Hala ere, hainbat erlijio elkarrekin bizi arren, denek elkar errespetatzen dute.
Nolakoa da emakumearen egoera?
Emakumeekin harremanak egitea oso zaila da, eta ezin dizut zehatz esan zergatik. Emakume bakarrarekin izan dut lagun harremana, eta maila ekonomiko altukoa zen; beraz, ikuspegi zabalagoa ere bazeukan.
Lan munduan zer nolako baldintzak ditu emakumeak?
Lan munduan ere oso emakume gutxi ikusten da. Finean, emakumea gizonaren menpe bizi da, eta menpekotasun hori andrea etxean mantenduta baino ez du lortzen gizonak. Gizon askok ez zuten beraien emakumeek lan egiterik onartzen. Asko pentsarazi zidan beste kasu bat ere kontatu gura nuke. Masaien tribukoa zen nire adineko gazte batek gurasoek aukeratutako andre batekin ezkondu behar zuen. Emakumea unibertsitatean ikasten zegoen, baina mutilak ikasketak amaitu orduko ezkondu nahi zuen, ikasten jarraituz gero berarekin ezkontzeko erabakia alda zezakeelako. Bitxia da, baina, pentsatzen jarrita, duela ez urte asko hemen ere antzeko egoeran bizi ginen.
Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Esperientzia ahaztezina izan da; polita eta gogorra aldi berean. Bakarrik eta nire herritik urruti egon naiz, eta hori neure burua hobeto ezagutzeko baliagarria izan da. Asko ikasi dut.
Errepikatzeko moduan?
Bai, noski. Dirua behar da, baina bidaiatzen jarraitzeko gogoa daukat, eta nork daki, agian bueltatu egingo naiz Tanzaniara.