
Ondarroako ertzain-etxeko ertzainek 64 eta 45 urteko bi gizon atxilotu zituzten atzo arratsaldean Markina-Xemeingo Garbigunean lapurretan harrapatu ondoren.
Ertzainek jakitera eman dutenez, atzo arratsaldeko zazpi eta erdiak inguruan, herri-segurtasuneko lanetan ziharduen patruila batek ibilgailu bat hauteman zuen Markinako Garbigunerako sarrerako atean, pertsona bat barruan zuela. Poliziak ikusi zituztenean autoa martxan jarri, eta ihes egiten saiatu zirela esan dute ertzainek, baina, geldiaraztea lortu zuten.
Gidaria eta une horretan instalazioetatik irtendako beste gizon bat identifikatu zituzten ertzainek, eta azken honek bestearekin etorria zela aitortu ziela esan dute. Ertzainek argitu dutenez, lapurtu nahi zuten material elektronikoz betetako hainbat poltsa zituzten bi gizonek Garbigunearen sarreran, eta ondorioz, agenteek atxilotuta eraman zituzten ertzain-etxera. Epailearen esku geratu dira.