
Arrain lonja berriaren egitasmoa idazteko kontratua IA eta Bazkideak Arkitektura Taldea arkitektura estudioari adjudikatu dio Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak, 235.600 eurotan (gehi BEZ), eta enpresak hamar asteko epea izango du herrian hain beharrezkoa den lonjaren egitasmoa idazteko, beti ere herriko arrantzale, saregin, neskatila, handizkako tratulari, eta armadoreen eskariak kontuan hartuta. Egitasmoak arraina baldintza egokienetan manipulatzea ahalbidetu beharko du, daukan balioa galdu barik eta baldintza higieniko ezin hobeak bermatuta.
Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok azaldu duenez, «idatzi beharreko proiektuak arraina moilara iritsi orduko haren lehen manipulazioa egiteko espazio ergonomiko eta funtzional batez hornitu behar du Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza portu nagusia, hartara produktuaren eskakizun higieniko-sanitarioak betetzeko eta balioari euts dakion. Horrez gain, definitu beharreko espazioak hiri-eremuan harmonikoki integratu beharko du, Portuko Plan Bereziaren xedapenak zein Ondarroako Udalaren eskakizunak errespetatuta».
Ruiz de Angulok gehitu du Ondarroako lonjak «eraikin jasangarria eta energia-kontsumoari dagokionez eraginkorra izan beharko duela, eta jardunak sortzen dituen hondakinak kudeatzeko prestatutakoa, “portuko eta inguruko uraren kalitatea hobetzeko aukera emanda”. Azkenik, herrian aparkatzeko dagoen beharra antolatu eta hari irtenbide bat ematen saiatu beharko du. Azpimarratu du lonja berriaren proiektua aukera aparta dela portu-ingurua herriarekin integratzeko eta arrantzaz harago doazen beste erabilera zabal eta handi nahikoago batzuk ere edukitzeko. “Lonja berriaren eraikuntzaz baliatuko gara erabilera ugariko espazio bat sortzeko: herritarrek portuko eta itsas aurreko paisaiaz eta hango jarduerez gozatu ahal izango dute han».
Plaza publikoa
Horretarako, kontratua adjudikatu zaion eskaintzak «bere barruan arrain-lonja izango duen 8.500 metro karratu inguruko paseatzeko moduko plataforma urbanoa sortuko duen eraikin multzo bat» definitu du. «Pasaiako lonja berriaren kasuan bezala,
plaza publiko berria irabaziko du Ondarroako herriak, Itsasaurre plazaren luzapen modura, eta horrek konpentsatu egingo du, nolabait, espazio publikoaren eskasia, eta optimizatu, berriz, udalerrian diren espazio libre apurrak”, nabarmendu Almudena Ruiz de Angulok.
Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza portuen arduradunak esan du proiektua idazteko “eraikin hibrido bat” proposatzen dela.
Arrantza jarduera erdi ezkutatuta geratuko da plataforma urbano zabal baten azpian. Handik gorantz aterako diren bi eraikin singularretan egongo dira erabilera urbanoak eta administratiboak. Eraikin horietan egongo dira, hain zuzen, kafetegia eta jatetxea eta erabilera askoko espazio librea, eta bertan erabilera posible ugari koka litezke, hala nola ludikoak, kulturalak eta merkataritzakoak, udalagaz eta herriko eragileekin definitzen den modura. Erabilera askoko gunean, gainera, handizkako tratularientzako moduluak handitzeko aukera emango du.
Pasaiako lonja berriaren kasuan bezala, plaza publiko berria irabaziko du Ondarroako herriak, Itsasaurre plazaren luzapen modura, eta horrek konpentsatu egingo du, nolabait, espazio publikoaren eskasia, eta optimizatu, berriz, udalerrian diren espazio libre apurrak
Barne-funtzionamenduari dagokionez, arrantza jarduerak eta gainerako jarduerek eragiten duten zirkulazioaren arteko interferentziarik ez da gertatuko. Hori horrela izateko, arrainarekin lotutako prozedura guztiak, hasi portura iristen denetik eta kamioia irten arte, horizontalki egingo dira, deskargako moilaren maila berean, eta transferentzia bizkorra eta zuzenekoa izango da.
Eusko Jaurlaritzaren arduradunek lonjaren eta herritarren artean partekatutako aparkaleku bat dute buruan, zeinek bere sarbide propioa duela. Sarrera nagusia portuko sarrera murriztuko eremuan legoke; herritarrena, aldiz, kanpoan. Espazioa banatu ere egin liteke, eta aise birdimentsionatu, gortina mugikorrez nahiz bestelako irtenbide batez, erabilera-beharren arabera.
Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako zuzendaritzak lan-mahai bat egiteko deia egingo die udalari eta arrantzan eta arrainaren manipulazioan, estiban eta deskargan diharduten eragileei.
Espazio garden modura diseinatuko da arrain-lonja berria, arraina banatuko duen ardatz antolatzaile moduan; ezer baino lehen funtzionala, manipulazioa, lehorreratzea, sailkatzea, salmenta, banaketa eta irteera ahalik eta bizkorren egiteko. “Konplexuaren erdian gune zabal bat izango da, gardena eta balio ugarikoa, eta moilarantz irteera zabalak izango ditu. Banatzeko kamioiak kargatzeko sarrera egokia izan beharko du, eta baskula, jela-ontziak, kutxak eta, estrategikoki antolatuta egongo dira”, azpimarratu du Ruiz de Angulo zuzendariak. “Proiektuaren ezinbesteko baldintza zen aretoak klimatizazio ezin hobea edukitzea, hozten den lurrez hornituta eta bolumenak sektorizatuta. Altuera aldatzeko moduko eremuak izango dira, malguak, alegia. Armadoreen eta handizkarien erabilerak eta mugimenduak bereizi eta banandu egingo dira. Beraz, eraikin jasangarria izan beharko du, bai ustiapen fasean, bai eraikuntza fasean”.
Elkarlana
Arraina lehorreratzeko, erakusteko eta saltzeko behar den espazioa beharraren arabera gauzatuko da. Arrain bolumena ez da beti bera izaten, eta urte sasoiagaz eta, inoiz, egunagaz ere aldatzen da. “Lan handia dago oraindik egiteko elementu horiek guztiak planoetan eta dokumentuetan egoki islatzeko eta eraikin singular hori eraikitzeko”, adierazi du Ruiz de Angulok. Horiek guztiak behar modura definitzeko, Eusko Jaurlaritzako Azpiegituretako zuzendaritzak lan-mahai bat egiteko deia egingo die udalari eta arrantzan eta arrainaren manipulazioan, estiban eta deskargan diharduten eragileei. Lan horietan hartuko dute parte Eusko Jaurlaritzako Arrantzako zuzendaritzak eta Hazi eta Azti-Tecnalia enpresek ere.