
Lekeitioko haur eta gazteen aisialdi eredua aztertzeko eta beharrizanak identifikatzeko hasi zuten urrian
Palpalian prozesua. Ekainera arte iraungo duen jarraibide horretako lehen fasea itxitzat eman dute. Izan ere, hainbat haur, gazte, guraso eta bestelako herritarren iritzia jaso ostean, dokumentu bat osatu dute. Hemendik aurrera diagnostiko hori konpartitzea eta proposamenak egitea izango da xedea.
Diagnostikoa egiteko erabilitako laginak lau multzotan banatu dituzte: haurrak, gazteak, gurasoak eta bestelako herritarrak. Gehienekin talde eztabaidak egin dituzte, baina, horrez gain, inkestak ere banatu dituzte.
Beraien aisialdian zer egitea gustatuko litzaiekeen egitea galdetu diete eskola eta ikastolako haurrei, eta baita Kide Gune eta ludoteka zerbitzuetako umeei ere. Izan ere, Palpalian prozesuan beraien parte hartzea ezinbestekotzat ikusi dute antolatzaileek, «eurak dira-eta hartzaileak eta protagonistak». Ikastetxe bakoitzean gela batean egin dute eztabaida, eta denetara 100 bat haurrek parte hartu dute.
Gazteei, bestetik, beraien aisialdirako Lekeition dauden aukerak zelan ikusten dituzten eta Gazte Gunea zelakoa izatea gustatuko litzaiekeen galdetu diete. Iturriotzeko eta ikastolako bina gelatan eta Gazte Guneko erabiltzaileekin zein Gazte Asanbladako gazteekin egin dituzte eztabaidak. Denetara, 120 gazte ingururi eskatu diete iritzia.
Gurasoei ere galdetu diete haur eta gazteen aisialdiaren inguruan, eta baita Gazte Gunearen inguruan ere. Ikastolako, Iturriotzeko eta eskolako gurasoei inkesta bidez galdetu diete, baita ludotekako eta Kide Guneko erabiltzaileen gurasoei ere. Eskolako guraso ordezkariekin talde eztabaida bat ere egin zuten. Denetara, 90 gurasoren iritzia jaso dute, gehienak emakumezkoak izan direlarik.
Azkenik, bestelako herritarrei dagokienez, norbanakoekin ez ezik, herriko lau eragilerekin ere eztabaidak egin dituzte. Denetara, herritarren 200 inkesta jaso dituzte eta lau eztabaida egin dituzte herriko eragileekin. Herritarrek aisialdiari dagokionez dituzten beharrizanak ezagutzea eta azpiegituren inguruko iritzia jasotzea zen xedea.
230 norbanakok bete dituzte inkestak, eta, azkenean, hamasei talderekin egin dituzte eztabaidak. 322 pertsonak parte hartu dute talde eztabaida horietan. Parte hartu dutenen hiru laurden emakumezkoak izan dira.
Herritarren pertzepzioak
Herritarrek Lekeitioko haur eta gazteen aisialdiaren inguruan aipatutakoaren arabera, Lekeition baliabide eta aukera ugari daude, bai naturalak zein azpiegiturari dagozkionak. Aldi berean, baina, aisialdirako dagoen eskaintza gehiena kirol arlokoa dela eta gehiena bideratua eta programatua dagoela diote. Horrez gain, doako kirol zein kultura eskaintza falta dela deritzote. Gainera, kirolen generoa eta espazioak oso determinatuak daudela uste dute: mutil gehienek futbola eta pilota egiten dutela, eta neskek boleibola eta dantza. Bestalde, neguan egoteko aterpe falta sumatzen dute, eta 0-3 urte arteko haurrentzat ere espazio bat egon beharko litzatekeela aipatu dute.
Gehiengoaren iritziz, ludotekak, Kide Guneak eta Gazte Guneak ordutegi eta egutegi zabalagoa izan beharko lukete. Horrez gain, gurasoen inplikazio handiagoa egon beharko litzatekeela eta azpiegiturak beharrizan bereziak dituzten haur zein gazteentzat prestatuta egon beharko liratekeela uste dute.
Aisialdian ondo pasatzen dutela diote gazteek, kirol arloko eskaintza asko daudela. Baina, aldi berean, astean zehar lanpetuegi egoten direla diote, ez dutela denbora librerik izaten. Beraiek egoteko lokalak badituztela onartu dute, nahiz eta gauza onak eta txarrak dituztela ohartarazi. Denentzako aterpe bat egon beharko litzatekeela diote.
Udal zerbitzuen balorazioa
Ludoteka
Zerbitzua. Gaur egun ludoteka zerbitzua kultur etxeko beheko aldean dago, eta barikuetan eta zapatuetan 17:00etatik 20:00etara egoten da martxan. 3tik 7 urtera artekoei bideratua dago. Gehienbat eskolako gurasoak joaten dira. Aipatzekoa da astean zehar gurasoak eurak antolatzen direla, eta erabilera ematen diotela goizez eta arratsaldez.
Herritarrak. Gauza positiboei dagokienez, zerbitzu eskaintza bera egotea ondo dagoela aipatu dute herritarrek, baita leku itxia eta epela (batez ere neguan) izateko aukera ere. Jolaserako eta lagun artean egoteko lekua eta baita adin desberdinetako umeen topalekua izatea ere ondo baloratu dute. Hobetzeko alderdiei dagokienez, egoten den ume kopuruarentzat espazioa txikia dela uste dute. Espazioaren kokapena ere ez dute egoki ikusten, «ez dituelako baldintzak betetzen kanpoan lasai jolasean aritzeko». Ordutegia eta egutegia murritzegia dela diote askok, ordu gehiago zabalik egotea nahiko luketela. Gurasoen inplikazioa, ostera, beharrezkoa dela ikusten dute, ez dadin umeak uzteko leku bat bihurtu.
Haurrak. Haurrei asko gustatzen zaie lagunekin jolastea eta egunerokoan egiten ez dituzten gauzak egitea. Bereziki, ludotekatik kanpora irteera gehiago egitea gustatuko litzaieke haurrei.
Kide gunea
Zerbitzua. Gaur egun Kide Gunea Gazte Gunean dago. 7-11 urte arteko haurrei zuzendutako zerbitzua da, eta zapatu eta domeketan egoten da zabalik, 18:00etatik 20:00etara. Erabiltzaile gehienak eskolakoak eta neskak dira.
Herritarrak. Haurrentzako aterpe gisa egoki ikusten dute, eta aterpe batean elkarrekin egoteko aukerak sortzen dituela ere bai. Baina ordutegi murritzegia daukala diote erabiltzaileek. Gurasoen parte hartzeari garrantzitsu irizten diote.
Haurrak. Haurrek ondo pasatzen dute jolasten, eta eskulanak egitea asko gustatzen zaie. Kide Gunekoei ere kanpo irteera gehiago egitea gustatuko litzaieke.
Gazte gunea
Zerbitzua. Gaur egun Gazte Gunean hilean behin egiten dituzte 12 urtetik gorakoei zuzendutako jarduerak. Orain arte astebururo egon da zabalik, baina prozesu parte hartzailean zehar hilean behin bakarrik. Gazteek eurek pentsatu eta erabakitzen dituzte hurrengo hileko jarduerak.
Herritarrak. Gazte Guneak baloreak landu eta kultur transmisiorako eta sormena lantzeko balio beharko lukeela uste dute herritarrek, eta baita adin ezberdinetako belaunaldiak erlazionatzeko espazio informala izan beharko lukeela ere. Gazteen ezinegonak asetu behar dituen tokia ere izan behar da, eurak izanik euren aisialdiaren kudeatzaile eta erabakiak hartzen dituztenak. Haur eta gazteen autonomian eta esperimentazioan oinarritu behar dela ikusten dute. Gazte Guneak ordutegi eta egutegi zabalagoa izan behar lukeela diote.
Gazteak. Lekeitioko gazteentzat aterpe bat dela adierazi dute gazteek, «elkarrekin komunikatzeko aukera egokia». Era berean, jarduera ezberdinak egiteko eta baloreak lantzeko espazioa izan behar dela diote. Bestalde, aurtengo ikasturtean eskaintza oso murritza izan dela aipatu dute. Gainera, gehienek gazteek eurek kudeatzearen hautua egin beharko litzatekeela uste dute, eta horrekin lotuta, beraien interes eta proposamenak kontuan izan beharko lituzkeela eskaintzak berak. Beraz, lekua, eskaintza, ordutegia, materiala… beraien beharrizanetara moldatu beharko lirateke. Hezitzaileak hurbilak izan behar dira, gazteen ustez, eta egin nahi dutena lortzen lagundu behar diete. Ez dute beraien arau-jartzaileak izan behar. Argi ikusten dute astean zehar ez dutela denbora librerik eta astea oso programatua dutela. Horregatik ez dute nahi Gazte Gunea ere programatua izaterik. Hala ere, ez dute gune pasibo bat izatea nahi. Asteburuetako erabilera ikusten dute gehienbat, astean zehar lanpetuta daudelako.