
Aulestiko bikote bat eta Mutrikuko beste bat sailkatu dira Euskal Herriko Mus Txapelketako finaletarako. Asteburuan jokatu dira zazpi herrialdeetako finalak eta Aulestiko Jose Luis Enbeitak eta Alesander Duquek eta Mutrikuko Juan Mari Sanjuantxikik eta Martin Arrizabalagak egin dute aurrera.
Bilboko Akerrenean elkartu ziren Bizkaiko 32 bikoteak. Eguerdi ostean hasi zuten jokoa eta iluntzera arte ez zuten amaitu. Bizkaiko sailkapenean 16. geratu dira Aulestikoak. Danetara, Bizkaiko hamasei bikote egongo dira EHko finalean, Heletan.
22:15ean amaitu zen Gipuzkoako finala, Orion. 122 muslarik bete zuten herriko plaza, eta Mutrikuko bikote bakarrak aurrera egitea lortu zuen Gipuzkoako sailkapenean bosgarren geratuta. Primeran ibili ziren Sanjuantxiki eta Arrizabalaga Orion eta orain beste 31 bikoteekin batera joango dira martxoaren 8ko finala jokatzera.