Herritarren parte hartze zabalarekin egin du bidea Libre Asteak. «Eskerrak eman nahi dizkiegu egitaraua osatzen lagundu diguten guztiei eta ekintzetan parte hartu dutenei», esan dute Zubixa Libre taldeko kideek.
Eguenak ekarri zuen aldarrikapen asteko lehen ekitaldia. Resist Ondarru dokumentalak bete egin zuen Zubixa. Bariku arratsaldean Miruaitzen egindako jolas parte hartzaileetan 25 bat lagun aritu ziren. Gaztetxoek zein nagusiek «ondo baino hobeto pasatu zuten». Punteria jokoa izan zuten guztiek aurretik. Hiru jomuga ipini zituzten frontoiko kantxan, eta zestarekin lagunduta, pelotak jaurti behar izan zituzten. Amaieran, saririk ez zuten falta izan: gaztetxoek gozokiak eta nagusiek txakolin botilak eskuratu zituzten. Iluntzea ailegatuta, Goizeko Izarra antzerki taldeak astebururako iragarrita zeuden ekitaldien berri eman zuen, kalerik kale.
Erraldoien konpartsa eta trikitilarien kalejirarekin hasi ziren zapatuko ekitaldiak. Beheko Plazak sokatira erakustaldia hartu zuen ondorengo minutuetan. Mutriku Sokatira Taldekoek hiru bat tiraldi egin zituzten, eta ondoren, herritarrei eman zieten aukera. Bost-sei tiraldi egin zituzten ume eta nagusiek, sokatira taldekoen laguntzarekin. Beheko Plaza bete egin zen guztiz.
Bertso giro bikaina
Gaztetxea txiki geratu zen bertso bazkarirako. 90 lagun batu ziren, eta gozatu ederra hartu zuten. Beñat Gaztelumendik eta Agin Laburuk saio oso ona egin zuten, eta izugarrizko giroa sortu zuten.
Antzerki emanaldiak eguneko ekitaldi nagusiari egin zion tartea iluntzean, Merkatu Plazan: Zubixa ezagutzen duten herritarrek hartu zuten hitza ekitaldi politikoaren hasieran. 35/02 auziaren inguruko xehetasunak eman zituzten ondoren. Bestalde, Gaizka Likona lekeitiarrak 26/11 auziaren –gazte independentisten aurkako auzia– gainean jardun zuen.
Egurra eta Kitto, Pixontxis eta Ezten Giro taldeen kontzertuak leporaino bete zuen Gaztetxea, herritarrez eta inguruko herrietako neska-mutilez bete ere.