
Itsasorik barik ez du bere bizimodua imaginatzen Begoña Goenagak (1944, Lekeitio). Bere senarra itsasoak eraman bazion ere, itsasoak eman dizkion gauzak gehiago direla azaldu du hunkituta. Izan ere, izaera eta bizitzeko modua desberdin ulertzen ditu itsasotik gertu bizi denak Goenagaren ustez. «Mutila banintz nire neba guztien moduan itsas gizona izango nintzateke» dio Goenagak, «asko gustatzen zait arrantza, lehen txipiroitan eta zapoak harrapatzera ere sarri joaten nintzen» gaineratu du.
Hamalau urte zituela hasi zen lehenengoz lanean. Arrain fabrikan lehenbizi, gero, sare konpontzaile gisa aritu zen bere ahizparekin batera eta azkenik, senarrak familiako lebatz zalean harrapatutako arraina saltzen jardun du hogeita zazpi urtez, erretiroa hartu duen arte. Egun euritsu, hotz eta beroak pasatu dituzte Lekeition hain ezaguna den Arranegiko Zabalean arraina saltzen. Itsasontzia noiz iritsiko zain orduak eman ditu Goenagak. «Hasiera batean moilan egoten ginen itsasontzia noiz etorriko zain, gero irrati bidez abisua ematen ziguten eta jarraian jeitsi eta arraina prestatzen genuen gero bezeroei saltzeko» azaldu du Goenagak.
Familiakoen babesa
Arraina saltzea baina ez zen Goenagaren zeregin bakarra. Hasiera batean, familiakoek itsasontzia bere kargu hartu zutenean pintxoak egiten ere aritzen ziren. «Ondarroara joaten ginen izoztutako sardinak erosi eta arrantzarako karnata prestatzen genuen» azaldu du. «Denetarik egiten genuen, itsasorako eta itsasotik bueltan dena prest izateko».Familiakoen laguntza ezinbestekoa izan da Goenagaren lanean. «Arraina saltzeko orduan, garbitzerakoan edota enkarguak egiteko orduan beti lengusina, izeba eta koinataren laguntza izan dut» aipatu du. Lana antolatu eta bideratzeaz Goenaga arduratzen bazen ere, familiako emakumeen laguntza ezinbestekoa izan da familiako negoziak gidatu ahal izateko.
Goenaga Arranegiko saltzaile lanetan 1979.urtean hasi zen; garai hartan arraina saltzen zuten zortzi postu zeuden Lekeition hain ezaguna den Arranegi kalean. Plazaren erdian dagoen iturrian garbitzen zuten bezeroei saltzeko arraina. Bakoitzak bere arrainez betetako karroa bere txokoan kokatu eta orduak ematen zituzten bata eta bestearekin tratuan. Jende asko eta oso ezberdina ibiltzen zen Arranegian eta «saltzaileok denentzako gustoko arraina izateaz gain aurpegi ona eta tratu ezinhobea ere eskaini behar izaten genien» azaldu du Goenagak. Bezeroen artean oso fidela izan duen Loyola de Palacio gogoratzen du Goenagak. «Sarritan norbere pentsaerak albo batera laga behar izaten genituen eta gerturatzen zen guztiari, tartean beti kalitatezko arrain eske etortzen zitzaidan Loiolari aurpegi ona jarri behar izaten genion» azaldu du. Sarri askotan Loiola arrain freskoaren zain bere aldamenean egondakoa dela oroitzen du Goenagak. Konpromiso handiko momentuak pasa eragin zizkion politikariak Goenagari. Irribarretsu gogoratzen du Loiolak goizaldean sareak nola batzen zituen ikusten joan nahi zuela esan zion eguna, bera ministroa zen sasoian. «Santi esan noin, Loiolak zera eskatu dit, sareak nola jasotzen ikusten joan nahi duela eta ea posible izango zen gure ontzira joatea, neuk ezta ezta, pentsatu ere ez, esan eguraldi txarra dagoela eta ezin dela, erantzun zidan haserre» azaldu du.
Arranegiko salmenta orduak bukatuta soberan geratzen zitzaien arraina saltzera joaten ziren Arranegiko saltzaileek. Karroari Narea kaleko aldapan gora tira egin eta txokoan gorde ostean, furgoneta bete eta inguruko herrietara joaten zen Goenaga arraina Merka Bilbaora eraman ahal izateko. «Elantxobe, Mutriku edo Ondarroara joan behar izaten genuen handik gure arrainak Bilboko merkatura bideratzeko» azaldu du. Ahal zuten moduan konpontzen ziren zeregin guztiak egiteko, beti ere, etxeko zereginak albo batera laga barik.
Lan baldintzak zenbat aldatu diren galdetuta, irribarretsu erantzuten du Goenagak «orain dauden karroak bagenitu orduan beste kontu bat izango litzateke». «Karroari sakaka egindako ahaleginek utzi didate mokorra orain daukadan moduan» gaineratu du. Goenagak beraiek arraina saltzen zuen garaian, gauzak oso ezberdinak zirela gogoratzen du.
Arranegitik moilara
Gaur egun Arranegian iada ez dago arrain usainik eta iturrian uda edaten duenak ez du ezkatarik inon ikusiko. Goizak isiltasunean igarotzen dira orain Arranegian eta jendearen joan etorria ez da hain ugaria. Izan ere, udalak Arranegian konponketa lanak hasi zituenetik, arrain saltzaileak moilan egoten dira. Hasiera batean, behin behineko leku aldaketa bat izan bazen ere, egun moilan finkatuta daude arrain saltzaileak. Aldaketa honekin, Arranegiak eta bertako merkatariek bizitasuna galdu dutela pentsatzen du Goenagak. «Orain ez da berdina, goizetako martxa ikusi besterik ez dago» azaldu du Goenagak.