Osasungintzako LAB sindikatuak Ibon Iparragirre preso gaixoaren berehalako askatasuna eskatu du
Osasungintzako LAB sindikatuak gogor salatu du preso politiko gaixoen eskubideen kontrako “eraso berri hau”. “Euskal preso politikoen eskubide urraketa gupidagabea bada, preso gaixoen kasuetan, mendeku lotsagarria da eurekiko jarrera”, adierazi dute. Azken atxiloketa hori salatzeaz gain, osasungintzako LABek zera eskatzen du: legeak ezarri modura, larri dauden preso gaixoak berehala askatzea; gaixo dauden presoen osasun eskubideak errespetatzea: diagnostikatzeko probak, kontsultak eta beharrezkoak diren tratamenduak ahalbidetzea; Horrenbestez, Osakidetzari eta Osasunbideari dei egiten die presoen osasun eskubideak erabiltzaile moduan babes ditzatela, euren zentroetan artatuak diren bitartean. “Horretarako, sare osoan erabili beharreko protokoloa osatu beharko lukete. Osakidetzak eta Osasunbideak ezin dute beste alde batera begiratu gutxieneko eskubideak urratzen direnean beren instalazioetan”. Horren harira, barikuan elkarretaratzea egingo da Usansolo-Galdakaoko Ospitalean, 12:00etan.
Alfonso Zenon abokatuak bihar edo etzi sartuko du Iparragirreren aurkako azken ebazpena baliogabetzeko errekurtsoa. Atxiloketa agindua ematean 100.2 artikulua –kartzela zigorra etxean betetzea ahalbidetzen du, oso neurri zorrotzekin eta bizimoduaerabat baldintzatuta– kendu dio, praktikan, Espainiako Auzitegi Nazionalak preso politiko ondarrutarrari, eta Alfonso Zenon abokatuaren esanetan, horretarako ez dauka konpetentziarik. “Espetxealdiko baldintzak aldatzea Espetxe Zuzendaritzako tratamenduetarako juntari dagokio, eta hortik joko dugu errekurtsoan”, aurreratu du. “Preso dagoen pertsona bat preso sartu dute, horrek ez dauka ezelako zentzurik”, esan du abokatuak. Bestalde, gaur batu da Basauriko espetxeetako tratamenduetarako junta. Abokatuek oraindik ez dakite ezelako erabakirik hartu duten. “Juntan egon direnak ez zeudela esan digute”. Bihar deituko dute abokatuek berriz. Bestetik, Iparra Galdu Baik plataformak esan du Basauriko zuzendaritzaren aldetik ez bada egoera bere onera eramateko borondaterik atzematen, mobilizazio kanpaina orokorrari hasiera emango diola. “Ibonentzat bere etxea bere kartzela den neurri berean, bere osasun fisiko eta emozionala berreskuratzeko aterbea izan da. Hortxe igaro ditu ordu luzeak bere alabatxoagaz. Hortxe eduki du ganoraz elikatzeko aukera, eta tarteka balkoira eguzki izpiak gozatu eta aire garbia arnasteko aukera. Hortxe igaro ditu baita ere, arratsalde luzeak, bakar-bakarrik, baina, gutxienez, senide eta lagunekin telefonoz komunikatuta, edozein larrialditarako. Ingurugiro horrek ahalbidetu dio 2011ko urrian heriotzaren atarira eraman zuen krisialdi larria gainditzea”. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute Iparragirre lehenbailehen etxera ekartzea, Hiesa jasaten duten gaixoen kasuan, berrerorialdiak gehienetan “tragikoak” izaten direla gogoratuta.