Leartibai Garapen Agentziak eskualdeko merkataritza sektorea modernizatu eta profesionalizatzeko egitasmoa jarri du martxan, dendak berrikuntzan murgil daitezen.
«Denden mozkin-marjina asko gutxitu da, familien erosteko ahalmenak behera egitean eta BEZ zergaren igoeraren ondorioz, kontsumoak behera egin duelako». Taldekako trebakuntza eta salmenta puntuko tutoretza pertsonalizatua da ematen dituzten eskolen oinarria.

Negozioaren kudeaketa eraginkorrerako tresnak izeneko programaren bidez gauzatzen da, eta besteak beste, honako puntu hauek jorratzen dituzte: dendaren egungo egoeraren diagnostikoa, kudeaketa ekonomikoa eta merchandising, ikasitakoa negozio bakoitzean aplikatzea, erosketen kudeaketa, merkatal politika, sustapen egutegia, kalitatea eta berrikuntza eta online bidezko tutoretza.
Plan pertsonalizatua
«Programa honen bitartez, denda bakoitzaren azterketa sakona egiten da, saltokiaren kudeaketa egitura ezagutzeko, baita negozioaren ahulguneak eta indarguneak ere. Diagnostikoaren arabera, saltoki bakoitzak hobekuntza plan pertsonalizatua jasoko du». Lea-Artibai eskualdeko 11 saltoki ari dira programan parte hartzen, emaitza ekonomikoak eta salmenta puntuak optimizatzeko helburuz. «Prozesu bakoitzean saltoki bakoitzak tresna egokiak izan ditzala lortu nahi du Leartibai Garapen Agentziak», nabarmendu dute.