Zabortegia berreskuratzeko askotan eskatu du eta. Lan horretan laguntzeko prest agertu dira, “ahal duten heinean”. Bestetik, euren kezka agertu dute, udalak eman dituen datuak «larritzekoak direlako»: Atxazpin metal pisutsuak daude, eta, gainera, zaborra itsasora jausten ari da. Horrek zuzenean eragiten du inguru horretako ekosisteman, hau da, arrantzaleek arrantzatzen dituzten arrainetan.
Atxazpin gertatzen ari denak jendarteari zer pentsatua eman behar diola dio Eguzkik. Izan ere, gogoratu dute zabortegira botatzen diren hondakinak eta zamarrak ez direla desagertzen. «Bertan geratzen dira, eta, gainera, arazo ekologiko eta ekonomikoak sortzen dituzte. Hurrengo belaunaldiei opari eskasa lagatzen diegu: zabortegi horiek kudeatu eta sortutako arazoak konpontzea».
Diotenez, ezin da ahaztu jendarteak zabortegiak sortzen jarraitzen duela. «Geure hondakinen %26 birziklatzen dugu bakarrik, eta beste guztia erre eta Bizkaiko zabortegietan botatzen dugu. Beste herri batzuei eta hurrengo belaunaldiei lagatzen diegu guk nahi ez dugun zaborra». Irtenbidea, hortaz, hondakinak ahalik-eta hobetoen kudeatzea da, kopurua gutxituz, gauzak berrerabiliz eta materialak birziklatuz, «Zero Zabor filosofia», hain zuzen ere. «Hori eginda, zabortegi kopurua gutxitu egingo da, eta gure seme-alabei arazo gutxiago lagako diegu».