Biharko eta apirilaren 4 eta 11rako deitu ditu lanuzteak LAB sindikatuak
Bizkaiko Arrain Kontserba eta Gazigintzako sektoreko enpresa guztietan. Aurreko mobilizazioetan egin legez, bihar eta hurrengoetan ere, herrialdeko hitzarmenaren alde aterako dira kalera. Busturialdeko enpresetako langileek lanuzteekin bat egitea espero du sindikatuak; Bermeoko Salica enpresan, esaterako, “eragin indartsua” izatea aurreikusten du.
Bizkaiko kontserba enpresa handiena da Salica, 300 bat behargin ditu; gainera, langileen ordezkaritza handia du LABek. Gainontzeko enpresen traktore izatea gura dute Salica, eta, hartara, guztiek Bizkaiko hitzarmena mantentzearen aldeko apustua egin dezaten.
Lanuzteak 11:30etik 12:20ra bitartean deitu dituzte eta horien iraupena enpresa bakoitzak erabakiko du; langileen eskubideak ez direla errespetatzen salatu du LABek
Bihar zein apirileko egun bietan,
11:30etik 12:20ra bitartean deitu dituzte lanuzteak, horien iraupena enpresa bakoitzak erabakiko duelarik. Tarte horretan, “berebiziko garrantzia duen herrialdeko hitzarmena” aldarrikatuko du sindikatuak, eta, era berean, arrain kontserba eta gazigintzako sektoreko langileek bizi duten egoera salatuko dute. Izan ere, LABek azaldu duenez, “aldebakartasunez, estatu mailako hitzarmena aplikatzeko erabakia hartu zuten, eta langileei lan baldintzak kaskartu egin dizkiete”. Langileek zituzten lan eskubideak ez direla errespetatzen salatu du sindikatuak: “zituzten IT osagarria, lizentziak, urteko ordu kopurua eta kontratazio berrien soldata ere, estatuko hitzarmenak ezarritakoari jarraituz egiten dira”.
Maiatzean antxoa kanpaina hasiko dute langileek, eta, horra heldu aurretik, patronalarekin akordioa erdi ixtea da LABen asmoa. “
Hitzarmena itxi barik dago enpresetan, eta hainbatetan estatala aplikatzen dabiltza; beraz, ezbaian dago guztia. Gatazka batean gaude eta ez dugu gatazka horrek maiatzean jarraitzerik nahi, ez delako onuragarria izango ez enpresarentzat, ezta langileentzat ere”, dio Jon Iñaki Alkorta LABeko arduradunak.
LABek argi du: “irtenbidea badago, eta borrokatzen jarraituko dugu”. Dena den, bide hori bakarka egingo du; “saiatu gara beste sindikatuekin gai hau amankomunean jartzen; greba deialdi hauek atzera botatzeko prest egon gara, baina elkarrekin pausoak mahaigainean jartzeko baldintzagaz, baina esan digute ez dituztela lanuzte horiek deituko”, aitortu du Alkortak.