Euskaltzaindiak diplomak eman dizkie 2013an izendatutako euskaltzain urgazleei
Hamahiru euskaltzain urgazle izan dira gaur (martxoak 28) diplomak jaso dutenak. “Euskaltzaindiak euskararen alde orain arte egin dituen lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, urgazletzat hartu du”.
Hamalau euskaltzain berri izendatu zituen Euskaltzaindiak 2013an, eta horietatik hamahiru izan dira gaurko ekitaldian -Iñaki Aldekoak ez du joaterik izan-. Aldekoaz gain, ondokoak izan dira diplomak jaso dituztenak: Kaxildo Alkorta, Iñaki Amundarain, Nagore Etxebarria, Beatriz Fernandez, Juan Garzia, Antton Gurrutxaga, Patxi Juaristi (Markina-Xemein), Gerardo Luzuriaga, Elena Martinez de Madina, Felix Mugurutza, Manu Ormazabal, Erramun Osa (Ondarroa) eta Iratxe Retolaza.
Andres Urrutia euskaltzainburuak hitz batzuk zuzendu dizkie euskaltzain urgazleei: “Ohorerako baino, lanean jarraitzeko deia duzue hau. Begien bistakoa da-eta horretan ari garela azken urte hauetan, uste baitugu Euskaltzaindiak bere ateak ireki behar dizkiela euskararen arloan egunotan bizien dabiltzan sektoreei. Hor ari zarete zuek ere, andrazko zein gizonezko, idazletzan, kazetaritzan, zientzian, teknikan, administrazioan, irakaskuntzan, ikerketan eta bestelakoetan. Hortxe eta akademian ere nahi zaituzte Euskaltzaindiak, euskara eguneratu baten eskakizun eta premiei erantzun egokia emanez”.
Andres Urrutia euskaltzainburuak euskaltzain urgazleen lana goraipatu eta diploma ematea lanean jarraitzeko deia dela esan die. Halaber, Euskaltzaindiak belaunaldi berriei lekua egin behar diela ere gaineratu du
Akademiak lan guzti hori zer den badakiela eta berori barruratu nahi duela gaineratu du Urrutiak. “Belaunaldi berriei Euskaltzaindiaren zerginetan parte hartzeko gonbitea eginez”. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazleak aintzat hartu, lanean jarri eta baliatu behar dituela gaineratu du. “Lehen ere hala egin du, eta hurrengoetan ere hala egin beharko du, bere egitekoa ondo bete nahi baldin badu. Beharrezkoak dira baliabide eta tresna berriak”.
Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkariak Koldo Mitxelena zena gogora ekarri du. “Katea ez da eten. Gaurko euskaltzainon kezkak eta ahaleginak ez dira gurekin amaituko. Euskal Herriko hizkuntza nazionala, euskara, kontserbatzeko, zaharberritzeko, denbora eta zeregin berrietarako egokitzeko ardura hori, zuenganan pasatuko da”. Bidean eduki ahal dituzten kezkak guztien artean aztertu, kritikatu eta ahalik eta egokien konpontzen saiatuko direla ere gaineratu du Kintanak.
Ekitaldia Dorleta Alberdi euskaltzain urgazle eta kazetariak aurkeztu du eta Pier Paul Berzaitz eta Joxan Goikoetxea musikariek hartu dute parte.