40 bazkide eta sei kide batzen dira orain momentuan Olazar kultur elkartean. Saioa Diaz, Idoia Okamika, Nere Zabala, Maria Urtubia, Idoia Artola (Lekeitio, 1971) eta Arantza Espinosak (Bilbo, 1975) Gizaburuagan aisialdi aukerak egon ditezen lan egiten dute. Hilean behin batzartzen dira, lagunartean, proposamenak egin, zehaztu eta erabakitzeko. «Gustura» ari direla aitortu dute.
Zelan egiten da Olazarreko kideen aukeraketa?
Arantza Espinosa. Olazarren sartzeko bozketa egiten da herri mailan. Aldaketa ailegatzen denean, etxeetara bidaltzen dira aukeraketa orriak, eta bakoitzak nahi duenaren izena ipintzen du.
Idoia Artola. Denak sartzen dira aukeraketa prozesuan, baina jendeak kontuan hartzen du zeinek ahalko duen kargu hori bete. Aukeraketa lau urterako izaten da.
Zerbitzu bat baino gehiago kudeatzen duzue elkartekideek. Bat Ludoteka da.
A.E. Bai. Sei bat urte daroaz martxan, eta gustura gaude eskaintzen duen zerbitzuagaz. Gurasook egiten ditugu zaintzako txandak, txandaka, Larraigana kalean, frontoi aurreko lokaletan. Zapatuetan arratsaldez egoten da zabalik, 17:00etatik 20:00etara, eta domekan 11:30etik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara. 2-13 urte arteko umeentzat da zerbitzua. Hortik aurrerakoak Gaztetxera joaten dira.
Gurasoak egoten zarete beti Ludotekan ala kanpotik ere etorri izan da norbait?
A.E. Ludotekari bat kontratatu izan dugu, adibidez, Aste Santuko bigarren astean edo Gabonetan, eskulanak-eta egiteko. Umeek oporrak dauzkatenean, holako egunetan, 16:00etatik 19:00etara egoten da zabalik, ekintza berezi modura.
I.A. Olazar moduan kuota bat daukagu. Kuota txiki bat ipintzen dute zerbitzua erabili nahi duten gurasoek, eta horrek sartzen dira zaintza txandetan. Oso aportazio txikia izaten da, dena den, behar denean materiala erosteko. Beste guztia udaletxeak ordaintzen du.
Zer gehiago kudeatzen duzue?
A.E. Musika Eskolaren kudeaketa ere Olazarrek daroa. Haren kudeaketak ematen digu lan gehien, batez ere hasieran. Matrikulazioak egiteak, irakasleen soldatak, gauza asko egoten dira egiteko ikasturtea hasi orduko.
I.A. Lehen Amorototik eta umeak etortzen ziren, baina orain, Lekeitioko eskolan eskolaz kanpoko ekintza legez ipini dute musika. Asko igartzen da hori. Edonola ere, hor ez da egoten irabazirik. Normalean defizitarioa izaten da. Iaz galerak eduki zituen, eta horregatik sarritan aztertu izan dugu jarraitzeak merezi duen. Gainera, izango balitz Musika Eskolara gizaburutar asko joaten direla, baina inguruko herrietatik datozenak gehiago izaten dira.
Olazarrek egiten duen ekarpena handia da. Ze helburu dituzue?
A.E. Aisialdi aukerak eskaintzea eta herrian bertan zerbait egotea. Jendeari interesatzen zaizkion gauzak eman nahi izaten dizkiogu. Ez dugu nahi Gizaburuaga kafe bat hartu eta lo egiteko herria izatea bakarrik. Mugitu barik egin ditzazkegu gauza batzuk. Adibidez, liburutegian badauzkagu ordenagailu batzuk. «Hauekin zerbait egin dezakegu», pentsatu genuen. Informatika ikastaro bat eta beste ikastaro batzuk proposatu dizkiegu herritarrei.
Jendea animatu da parte hartzera?
A.E. Ikastaroak ipini genituen, eta datak eta proposamenak idazteko lekua ere bai. Nahikoa epe luzea eman dugu, baina, oraingoz, ez da erantzun handirik egon. Data jendeak ahal zuen aukeratu, guk gero gehiengoak ahal duenean bideratzeko. KZgunekoagaz berba egin, eta behintzat, informatikakoa zehaztu eta martxan ipintzea nahi du gugaz elkartean dabilen batek.
I.A. Oraingotan ez dakit gaizki bideratu dugun edo, baina jendeak ez du askorik erantzun. Uste dut askok ez dutela ondo ulertu. Beharbada, beste era batean planteatu beharko dugu.
Ikastaro horiek, batez ere, nagusiei daude bideratuta?
A.E. Funky gazteei ere bai, baina gainerakoak, bai, helduei. Egurra lantzeko tailer bat egitea ere gauza polita dela iruditzen zaigu. Amoroton egin zen, eta arrakasta eduki zuen.
Barriro proposamena egingo duzue, orduan?
I.A. Bai. Pentsatu egin behar dugu jendearengana nola ailegatu.
A.E. Emakumeen Nazioarteko Egunean emakume nagusiei oparitxo bana ematen diegu urtero, pintxoak ipintzen ditugu eurentzat. Aurten, ez zuen eduki guk pentsa beste arrakasta. Asko falta izan ziren: batek bazkaria zuela lagunekin, besteak beste zer edo zer… Guk gauak proposatzen jarraituko dugu.
Asmatzea ez da erraza izango.
I.A. Ez da ez erraza asmatzea. Joan den urtean ere ekintza bera egin genuen, eta izugarrizko giro polita egon zen. Asko etorri ziren, eta aurten oso gutxi.
Inauterietako talo tailerrean, han bai, han jendea batu zen.
A.E. Oso gustura egon ginen guztiak. Bakoitzak bere taloa egin zuen, gero egositako txorizoa ipini, eta jan. Umeak oso pozik ibili ziren euren taloa prestatzen.
Zeuek egon zineten erakusten?
A.E. Ez. Bermeoko ikastolan egiten dut lan nik, eta Euskara Egunean talo tailerra egin zen han. Tailerra eman zuenari txartela eskatu nion. Aitor Aurrekoetxea egon zen erakusten. Berak lagundu zigun mahaiak-eta ipintzen, eta egun polita izan zen, benetan polita.
Hurrengo irteera gertu dago.
A.E. Bai. Apirilaren 13an egingo dugu, domekaz, Busturiko Madariaga dorretxera. Padurak ikustera joango gara, gida bategaz.
I.A. 10:30ean hasiko da gutxi gorabehera bisita gidatua, eta 13:30era arte edo luzatuko da. Dorretxean bertan txoriak ikusteko begiratoki bat dago. Biodibertsitate zentroa bisitatuko dugu.
A.E. Olazarrek ordainduko du dorretxeko sarrera. Gero, Muruetan bazkalduko dugu, Kamiñokon. Apirilaren 6a da izena emateko azken eguna.
Autoetan joango zarete, ezta?
I.A. Bai. 09:30ean herriko tabernan geratu, eta 09:45ean aterako gara Busturirantz, autoz.
Beti errepikatzen diren hitzorduak badituzue.
A.E. Bai, hilero ekintza bat egiten dugu. Batzuetan hileroko ekintzak jaiegunei lotuta egoten dira. Talo tailerra izan zen, adibidez, martxoko ekintza. Emakumeen egunari lotuta egiten dugu urtero beste ekintza bat, inauterietan gauz bera. San Juan eguna ere beti ospatzen dugu parrilladagaz eta. Gainerako hilabeteetan irteerak egiten ditugu: ibilaldi bat izan daiteke, edo autobusez edo autoz nonbaitera joatea. Laster mendi irteeraren bat egiteko asmoa ere badaukagu.
Elkartean ondo pasatzen duzuela igartzen zaizue hitz egitean. Zenbat denboraz izango zarete Olazarreko kide?
A.E. Niri urte bat geratzen zait. Lau urte egin behar izaten dira. Ez gara batera sartzen, baina, batek utzi ahala, beste bat sartzen da, errelebua pasatuz.
I.A. Azken sartu garenak ikasten egoten gara. Denbora gehiago daroenen eskuetan egoten da zerbitzuen kudeaketa eta. Hiru urte geratzen zaizkit niri aurretik. Laguntzaile modura nago orain. Batzuek kargua utzi ahala joango gara gu ardurak hartzen. Datozenei erakutsiko diegu gero guk ikasi dugun hori guztia.