Lea-Artibai eta Mutrikuko iheslari politiko batzuk sorterrira itzuli dira. Duela bi aste itzuli zen lehenengoa, Lekeitiora, eta joan den asteko barikuan Ondarroara, Markina-Xemeinera eta Mutrikura ailegatu ziren. Sorterrira itzuli direnak batzuk izan badira ere, orain arte eman diren urratsak jarraituz, aurrera begira ere, «iheslari guztiak etxera itzuli arte» bide beretik jarraituko dutela esan du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak.
Mikel Onko, Markina-Xemeinen.
Duela bi aste, martxoaren 21ean, ailegatu zen
Isaac Kortabitarte Lekeitiora. Euskal preso politiko eta iheslarien aldeko elkarretaratzean agertu zen.
Joan den asteko barikuan, Ondarroa, Mutriku eta Markina-Xemeinera itzuli ziren
Loren Aldarondo, Mikel Onko eta Arrate Urreisti, hurrenez hurren. Azken hiru horiek ere barikuko elkarretaratzeak baliatuz itzuli dira.
Itzulera, aldiz, sinbolikoa izan da kasu batzuetan, eta benetakoa besteentzat. Izan ere, bizimodua atzerrian egin dutenek, bertan jarraituko dute bizitzen. Baina guztien helburua bakarra da: iheslari izaerarekin bukatzea.
Isaac Kortabitarte, Lekeition.
2013ko agerralditik gaur arte
2013ko ekainean EIPK-k Miarritzen egin zuen agerraldian iragarri modura, euskal iheslari politikoen itzulera konponbide prozesuan konkatzen da. Eta gerora egindako agerraldietan ere, «urratsez urrats», iheslarien itzulera herriz herri antolatu eta adostu behar dela esan zuten.
Itzulera «molde ordenatuan» egikarituko zela iragarri zuten. Eta euskal iheslari politikoen itzulerak oraindik itzuli ezin diren iheslarien egoera bistaratuko duela esan zuten, halaber.
Horrela, iheslarien egoera askotarikoa dela esan zuten. Bada, kasu batzuetan, lana edota bizilekua beharko dituztela gaineratu zuen EIPK-k.
Gehiagoren zain
Momentuz lau dira Lea-Artibaira eta Mutrikura etorri direnak. Baina ez dira bakarrak. Horrela ba, datozen asteetan ere, sorterrirako bidea egiten jarraituko dute beste hainbat eta hainbat euskal iheslarik.
Loren Aldarondo, Ondarroan.