Domekan hasi zen Bizkaian hondartza sasoia, eta Lea-Artibaiko hondartza eta atsedenlekuetako zerbitzu guztiak erabilgarri daude. Zerbitzuetariko batzuk, baina, behin-behinekoak dira, joan den otsaileko ekaitzak eragindako kalteak konpontzeko lanek jarraituko egingo dute-eta hondartza batzuetan. Ekainean amaituko dituzte lanak.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 2,4 milioi euro inbertitu ditu aurten itsasbazterreko hondartzak garbitzeko, mantentzeko eta konpontzeko. Urtero modura, aurtengo udan ere Bizkaiko hondartzek ekipamendu osoa edukiko dute. Aurtengo denboraldirako 187 dutxa jarri dira, 49 iturri, 728 zakarrontzi eta bidoi, 618 plataforma saredun, hankak garbitzeko 46 iturri eta 1.800 metro egurrezko pasabide.
Garbiketa zerbitzuan 88 lagunek jardungo dute udan beharrean, ordutegi desberdinekin. Gainera, hondartzetako gaikako bilketa eta hondakinen birziklatzea errazteko kolore desberdineko ohiko zakarrontziak instalatu dira, eta mareek dakartzaten hondakinetarako ere edukiontziak jarri dituzte.
33 sorosle
Uretako 152 sorosle tituludunek osatuko dute aurten, Bizkaiko salbamendu eta sorospeneko giza taldea. Horrela, egunero, 12 sorosle arituko dira lanean Lea-Artibaiko hondartzetan: bi Ogellan, hiru Isuntzan, bost Karraspion eta bi Arrigorrin. Karraspio Txikin, gainera, Mendexako aldean, Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzuak zaintza-dorre bat izango du.
Erreskateko materialari dagokionez, salbamendurako itsasontzia egongo da Karraspio-Isuntzan eta prismatikoak dituzten zaintza dorreak jarriko dute Karraspio Txikin.
Hondartzetan galdutako zortzi urtetik beherako umeak identifikatu ahal izateko, Ume Galduak eskumuturrekoak emango dituzte hondartza guztietan.
Denboraldi honetan kontratatutako hondartzainek ordutegi jarraitua beteko dute, 10:00etatik 20:00etara, eta BFA-ak azaldu duenez, lankidetza estuan arituko dira lanean Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzuarekin, bai eta udaltzainekin eta trafikoan eta herritarren segurtasunean eskumena duten ertzainekin ere.
Aurten balizamendua hobetu egingo da Lekeition, hondartzako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Hondartzetako sarreretan jarri dituzten informazio karteletan azaltzen dira mugak. Horrela, bandera gorriak eta urdinak zehaztuko dute uretako jardueretako eremuaren muga zein izango den.
Irailaren 30era arte iraungo du 2014ko denboraldiak.