Zapatuan jokatu ziren finalak Markina-Xemeingo frontoi txikian eta Josu Imaz eta Ibon Gabiola izan ziren nagusi.
Apirilean hasita, hiru herritan jokatu dira Pilotakadaz pilotakada Etxerat-ek bultzatutako ekimenaren eskualdeko norgehiagokak: Lekeition, Aulestin eta Markina-Xemeinen. Herri horietako bikoteez gainera, Amorotokoa ere sailkatu zen finalerako, eta bere egin zuen garaipena.
Lehenengo partidua Markina-Xemein eta Lekeitoren artekoa izan zen. Berdinduta ibili ziren bikoteak, baina azkenean, 18 eta 17 irabazi zieten Ube eta Arbek lekeitioko Iker Zabala eta Iker Diazi.
Bigarren finalaurrekoa Amoroto eta Aulestiko bikoteek jokatu zuten. 18 eta 13 irabazi zieten Imaz eta Gabiolak Aulestiko Joni eta Enpani.
Horrela, finala, Markina-Xemein eta Amorotoren artekoa izan zen. 18 eta 12 irabazi zuten Imaz eta Gabiolak. Botillero bereziak izan zituzten finalistek, Iratxe Ibarra eta Lander Ibarluzea Aitxulua. Batak baten alde eta besteak bestearen alde, bertsotan animatu zituzten bakoitzak bere bikoteak bi bertsolariek.
Jendetza elkartu zen Markina-Xemeinen esku pilota partiduak ikusteko eta giro ederra sortu zen. Pintxoak dastatzeko aukera ere izan zuten amaieran ikusleek.
Urte hasieran jarri zuen martxan Etxerat-ek Pilotakadaz pilotakada ekimena Euskal presoek pairatzen duten sakabanaketaren salaketa herri guztietako frontoietara zabaltzeko helburuagaz. Lea-Artibain esku pilotan jokatu dute bikoteek eta orain arte ligatxoetako partiduak jokatu dituzte. Hortaz, partidu horietan emaitzarik onenak lortu dituzten pilotariek ikusi zuten zapatuko finalaurrekoetan eta finalean elkar.
Finalistak, orain, ekainaren 29an, azken jarduera izango dute, ekimena txapelketa moduan egin duten herrialdeek, finalak egun horretan jokatuko dituzte-eta. Beraz, Elorrioko herrialdeko finaletara joango dira Amorotoko Josu Imaz eta Ibon Gabiola.