Aktibista feminsita da eta urteak daramatza bateko eta besteko elkarteetan lanean.
EHGAMeko eta Lumantzako kidea izan zen, besteak beste, eta
egun Aldarteko kidea da, Bizkaian bideratu duten
sare lesbianistako kidea izateaz gain. Beti baina, alde asistentziala eta alde aldarrikatzailea uztartzen saiatu izan dela dio. Ikusitakoak eta ikasitakoak eskuan hartuta, eguaztenean, ekainak 18, Etxelilan egongo da:
Josune Ortiz (Bilbo, 1972).
Lesbianak sasi guztien gainetik: Euskal Herriko lesbianen izanak eta eginak izenburua dauka hitzaldiak. Zer da herritarrek eguaztenean Etxelilan entzun ahalko dutena?
Hasteko, lesbiana kontzeptuaren gainean arituko gara: zer den lesbiana izatea eta emakumeekin harreman sexu-afektuzkoak daukaten emakumeek zein izen ezberdin hartzen dituzten eta zein praktika ezberdin dituzten. Oro har, sexuaz, generoaz eta desioaz ariko gara, eta gizaki guztiok bi kategoria kontrajarri eta alkarren osagarritan banatzen gaituen sistema binarioaz hausnartuko dugu. Lesbianok zertan egin dugun aurrera komentatuko dogu, zertan atzera, eta zer daukagun oraindik irabazteko: eboluzioak eta inboluzioak, zelan mugitzen garen eguneroko bizitzan eta aurrean ditugun erronkez ere ariko gara.
Etxelilara gerturatzen direnen parte hartzea ere bilatuko duzu?
Hori da. Ez da aldebakarreko hitzaldia izango. Tailer moduko zerbait izatea nahi dugu; bertara datozenek ere parte hartzea nahi dugu.
Zehatz esateko, zeintzuk lirateke lesbianen itzalak?
Ez bada kontrakorik esaten, danok gara heterosexualak. Honi heterosexualitate unibertsalaren hipotesia deitzen diogu. Eta lesbianok ikusgai izateko, inguruak «normaltzat» eta «posibletzat» hartu gaitzan, armairutik atera beharra dago. Horregatik oso garrantzitsua da pertsonaia publikoak diren lesbianak ikusgai izatea, danontzako erreferenteak direlako. Eta lesbianon artean, ikusezintasuna da nagusi. Hori da bazterkeriak hartzen duen molderik arriskutsuena. Beste alde batetik, lesbofobia sozialak ere hor egoten jarraitzen du.
Zer dago fobia horren atzean?
Fobia beldur irrazionala da, askotan norberaren desio naturalen kontrako erreakzio sutsuak. Lesbofoboek lesbianen kontrako eraso fisikoak, ahozkoak eta psikologikoak egiten dituzte. Gaur egun, lesbofobia eta transfobia adierazpenen kopurua jaitsi da.
Homofobiarekin alderatuta, adierazpen lesbofoboak gehiago ematen direla ez al zenuke esango?
Bai eta ez. Lesbianekin gertatzen dena da ikusezinak garela. Gayak erreferente gehiago dituzte. Oro har baina, hipokresia da nagusi. Homofoboa edo lesbofoboa izatea txarto ikusia dago, beraz, ezkutuan ari dira. Adibidez: «Nik onartzen zaituztet, bai, baina zergatik ibili behar dozue kaletik agerian, eskutik helduta-eta?». Esaldi hori jarrera hipokritaren adibide da. Hainbat erlijiotako praktika eta jarraitzaileen jarrera erreakzionarioak dira; LGBT komunitatearen kontrako mezuak zabaltzen dituzte.
Zer esanik ez estereotipoen gainean.
Horiek ere nagusi dira: «lesbiana guztiak marimutilak dira» eta «transexual guztiak artistak ala putak dira». Oso anitzak dira gure adierazpen identitarioak, bai hetero, bai trans bai homosexualonak ere.
Inboluzioak aipatuta, zeintzuk lirateke?
Alde batetik, hainbat gauza lortu ditugu: lege mailan, esaterako, bikote eta familia eredu anitzak edota transexualen genero identitatea haintzat hartzea lortu dugu. Jendarte mailan ere aurrerapenak eman dira. Legeari jarraiki, bitxia badirudi ere, lesbianok ikusgai egin gara amatasunaren bidez. Dirudienez, ama lesbiana izateak ingurukoen errekonozimendua ekarri du beragaz batera. Horrek irakurketa negatiboa ere badauka: ama ez bazara, ez bazara emakumeen rol naturalean sartzen, zailagoa izango da ingurukoen onarpena jasotzea. Maila sozialean, errespetuaren, tolerantziaren eta ageriko eta ezkutuko gaitzespenaren arteko tentsioa ematen da. Lesbianek baina, ez dute nahi jendea tolerantea izatea, errespetua edukitzea baino. Oro har, lesbiana gehienak alerta piztuta ibiltzen dira munduan, badaezpada. Mugetatik kanpo, hainbat herrialdetan inboluzioa emon da, Errusian eta Afrikan esaterako.
Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Erronka nagusia berdintasunean eta aniztasunean oinarritutako jendartea lortzea da. Horrek baina, guztion erronka izan behar luke. Guretzat ezinbestekoa da lesbianon ikusgaitasuna kontu politikotzat hartzea; erakunde publiko eta pribatu guztiok bultzatu beharreko kontua da.