DyJ-k ez dio gazte independentisten auziko epaiari helegiterik jarriko
Nahiz eta epaiarekin «inondik inora ere» ados ez egon, Dignidad y Justicia elkarteak ez du 40 gazte independentisten absoluzio epaiaren kontrako helegiterik jarriko. Akusazioak aurkeztutako froga guztiak ukatu izana eta izango lukeen kostu ekonomiko handia izan dira erakundeak helegiterik ez jartzeko eman dituen arrazoiak.
Helegitea jartzeak 3.000 euro inguruko kostua eragiten du akusatu bakoitzeko, eta elkarteak azaldu duenez, errekurtsoa galduz gero, 120.000 euro inguru ordaindu beharko lituzke, eta ezin dio kopuru hori ordaintzeari aurre egin.
Elkarteak azken aldian Espainiako Auzitegi Nazionalean izandako absoluzio epaien gaineko kezka ere adierazi du, «terrorismoagatik epaitutako akusatuei beraien aurkako frogei baino sinisgarritasun handiagoa» ematen zaiela esanez. Dignidad y Justiciaren iritziz, azken aldian horrenbeste absoluzio sententzia egotean pisu handia dauka «ETAk betidanik justizian, eta, batez ere, Auzitegi Nazionalean eragin duen beldurrak».
Fiskaltzak helegiterik jarri ez izana ere salatu du elkarteak. Joan den astean iragarri zuen Fiskaltzak ez zuela helegiterik jarriko eta Dignidad y Justiciakoek «penaz» hartu dute Fiskaltzaren eta Espainiako Audientzia Nazionalaren «geldotasuna».
Haien iritziz, absoluzioa «ulertezina» da, eta, erabaki horrekin, Auzitegi Nazionalak Poliziak egindako lana ezerezean utzi du. Auzitegiak frogak zelan aztertu dituen kritikatu du, eta Gorenak ezin duenez gai horren inguruan erabakirik hartu, errekurtsorik ez aurkezteko erabakia hartu dutela adierazi dute.
DyJ-k eta Fiskaltzak helegiterik jarriko ez dutela esan duten arren, gazteen abokatuak oraindik ez daude lasai. Inork helegiterik jarriko ez balu, epea amaituta, epaitegiak auto bat aterako du epaia irmoa dela esanez, eta orduan lasaituko direla adierazi dute. 26/11 auziko auzipetuetako bi Gaizka Likona eta Zurine Gojenola lekeitiarrak izan dira.