Herrialdeko hitzarmena eraberritzea aldarrikatzeko, sinadura bilketa egin du LABek Bizkaiko Kontserba enpresa guztietan. Sindikatuak jakinarazi duenez, enpresetako langileen %50ak baino gehiagok egin du bat aldarriagaz. Orain, baina, Patronala dela hitzarmena blokeatzen duena azaldu du, eta, horregaz batera, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek blokeo hori gainditzeko borroka planteamendurik ez dutela dio.
Patronalak negoziazio mahaia blokeatuta izan arren, prest agertu da maiatzaren 20an LABek egindako proposamena (besteak beste, langileek dutena mantentzea, KPIren araberako soldatak igotzea eta hitzarmenak ultraktibitatea izatea eskatzen duena); horretarako, baina, sindikatuen gehiengoaren oniritzia eskatzen du, eta gaur gaurkoz, ez du: LABen arabera, «ELAk ez baitu berea egiten».

«Ulertezina» da sindikatu abertzalearentzat ELAk Bizkaiko Kontserba Hitzarmenarekiko duen jarrera, «are gehiago, Araban, Ehun Merkataritzan herrialdeko hitzarmena sinatu duenean». LABek salatu duenez, «hitzarmen hori kontserbetarako proposatzen dena baino askoz txarragoa» da; gainera, ultraktibitate gabe sinatu dutela kritikatu du, «inaplikazio klausula gabe, 2013an soldata igoerarik gabe eta 2014rako %70eko igoerarekin». Halaber, «hitzarmen duina» lortzeko bidean, LABek ez du ulertzen ELAk zergatik ez duen planteamendu integratzaile bat onartzen indarrak batu eta Patronalari aurre egiteko.
ELAk %42ko ordezkaritza
Gainera, hitzarmena blokeatzeko 2008an sortutako negoziazio mahaian zuen %50az baliatzea leporatzen dio LABek ELAri; «gaur egun, %42ko ordezkaritza duenean»; «Edo irtenbide bat planteatzen du sinisten badu gehiengo sindikala bera dela, nahiz eta horrela ez izan, edo erditik kentzeko eskatzen diogu», adierazi du Jon Iñaki Alkorta Busturialdea eta Lea-Artibaiko LABeko ordezkariak.
Alkortak uste du bai enpresarentzat zein lagileentzat herrialdeko hitzarmena ona litzatekela: «Langileek enpresa guztietan izango lukete oinarrizko hitzarmen bat, eta, gero, enpresa bakoitzak ikusi beharko luke hori hobetu dezakeen edo ez, bizi duen egoera kontuan hartuta, betiere, oinarri batetik abiatuta». Patronalarentzat ere «ona» litzatekeela deritzo, «ez lioketelako elkarri konpetentzia desleialik egingo».
ELAri ez ezik, CCOO eta UGT sindikatuei ere «Bizkaian beti egon den hitzarmena errespetatzeko eta errazteko» eskatu die LABek.
Marko politikoa galtzea
Izan ere, herrialdeko hitzarmena sinatu ezean, hitzarmen estatala aplikatuko luke Patronalak, eta horrek sektoreko lagileentzako «lan baldintza okerragoak» eta Euskal Herriarentzako «akordioetarako marko politiko bat galtzea» ekarriko lukeela dio Alkortak.
Gauzak horrela, LABek «mobilizazio eta negoziazio bidean aurrera egiteko asmoa» erakutsi du, hartara, sektoreko hitzarmena lortu ahal izateko. Halaber, egungo egoera azaltzeko asanblada irekietara deituko dituzte laster kontserba sektoreko langileak; horretara, gainera, parte hartu nahi duten sindikatu guztiek joan ahal izango dutela azaldu dute, «LABek ez du ezer ezkutatzeko eta».