Eskualdeetako Bertsolari Txapelketak bukatuta, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartuko dutenak zeintzuk izango diren jakinarazi du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Beste hainbatekin batera,
Lea-Artibaiko eta Busturialdeko 13 bertsolarik parte hartuko dute lehiaketan.
Eskualdeetako txapelketako irabazleak eta bertatik puntuazioz sailkatutakoak, 2010ean edo aurretik finalista izan direnak eta 2012ko finalistak ariko dira kantuan, hain zuzen, Bizkaiko txapelketan.

Guztira,
30 bertsolarik hasiko dute Bizkaiko Txapelketarako kanporaketa; horretan, guztiek hartuko dute parte 2012ko finalistak izan ezik, azken horiek txapelketaren finalaurrekoetara zuzenean pasatuko dira eta. Kasu hori izango da, esaterako, Onintza Enebita muxikarrarena eta Iratxe Ibarra markinarrarena.
Hala ere,
eskualdeetako txapeldunen artean hutsunea nabarituko dute ikus-entzuleek; izan ere, Busturialdeko txapeldun
Xabier Enbeitak uko egin dio txapelketan parte hartzeari. Hortaz, eskualdetako zazpi txapeldun aterako dira taulagainera; horien artean egongo da Markina-Xemeingo Nerea Ibarzabal. Inoiz finalista izan direnen artean, berriz, Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarra izango da txapelketako kanporaketan.
Gainontzeko Lea-Artibai eta Busturialdeko bederatzi bertsolariek ere izango dute txapelketako hurrengo fasean lehiatzeko aukera, eskualdekoetan lortutako puntuazioak lagunduta.
Urriaren 12an, hasiera
Irailean egingo dute aurkezpena eta txapelketa urriaren 12an hasi eta abenduaren 20a jokatuko den finalagaz amaituko da. Tarte horretan, bost kanporaketa eta hiru finalaurreko jokatuko dituztela jakin eragin dute txapelketako antolatzaileek.
LEA-ARTIBAI
- Eskualdeko txapelduna. Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein).
- 2010ean edo aurretik finalistak izan direnak. Ez dago.
- Puntuazioz sailkatuak. Gorka Ostolaza Potxis (Markina-Xemein), Joseba Artza (Etxebarria), Xabat Galletebeitia (Lekeitio), Eneko Arrate (Markina-Xemein) eta Lander Ibarluzea Aitxulua (Etxebarria).
- 2012ko finalistak. Iratxe Ibarra (Markina-Xemein).