Inhar Urruzuno harrijasotzaile ondarrutarrak jantzi du,
bigarrenez,
Leioako San Joanetako harrijasotzaile txapela. Txapelketa, barikuan jokatu zen Leioako kiroldegian. “Berez kanpoan egitekoa zen, baina eguraldi txarra emanda zegoenez, antolatzaileek kiroldegian egitea erabaki zuten”, azaldu du Urruzunok.
Leioako txapelketan bost harrijasotzailek eman zuten izena, baina azkenean hiru besterik ez ziren izan barikuan. Horrela ba, Izeta IIIa eta Josetxu Urrutia, Urruzunoren aurkari izan ziren. Barikuan jokatutako txapelketan,
5 minutuan, Aretxa harrijasotzailearena izandako
125 kiloko zilindro zaharra altxatu behar izan zuten. Jasoaldi gehien egin zuenak, irabazi zuen txapelketa. Faboritoen artean Izeta IIIa eta Urruzuno zeuden, eta ez zuten hutsik egin.
Urruzunok iazko marka hobetu du; aurten 32 jasoaldi eginda. Izeta IIIak eta Josetxu Urrutiak, ostera, 28 eta 22 bidar jaso zuen Aretxaren harria. Inhar Urruzuno pozik agertu da Leioan lortutako emaitzagaz. “Izetagaz beldur pixka bat nuen, baina aurretik izan naiz”, agertu du.