Kresala Eguna goi-goitik ospatu dute Ondarroako Kresala elkartekoek
https://www.youtube.com/watch?v=kY2Clh4eRUY&feature=youtu.be Zapatuan Kresala Eguna goi-goitik ospatu zuten Kresala kultur elkarteko kideek. Andoni Urkizak, Kresalako kideak, elkartearen goiko eskaileretatik, Kresala Egunari hasiera ematen zion bolandera bota zuen 12:30ean puntu-puntuan.
Jarraian, Jabier Rodriguez Urrutxak, elkarteko lehendakariak, Artabide 23ko Kresala Elkarteko egoitzatik ikurrina igo, eta balkoi azpitik agurra egin zioten dantzariek. Artabidetik 60 bat dantzarik, txistularik eta trikitilarik osatutako taldea herrian zehar ostera egitera irten zen, kaleetako giroa alaituz eta jendea jai egunean murgilduz.
Nasa kaleraino kalejiran joan ziren txistuak eta trikitixen doinuak tartekatuz; euskal folklorea nonahi zabaltzen joan ziren.
Behin Kofradia Zaharraren parean, atsedenaldi txiki bat hartu zuten, eta beroari aurre egiteko freskagarri batzuk hartu zituzten.
Eztarriak ondo freskatu ostean, Sutargi bueltara joan ziren han hainbat dantza egiteko. Hegoaldeko dantzez gain, Iparraldeko dantzak ere egin zituzten, Sutargikoek propio musika bozgoragailuetatik ipinita. Handik Itsasaurrerantz joan ziren kalejiran, eta han ere dantzan egin zuten. Dantzak bukatu eta bazkaltzera joan aurretik, taldeko argazkia atera zuten Itsasaurren. Handik, Antiguako Ama egoitzara bazkaltzera joan ziren dena batera.
Arratsaldean, ondo bazkaldu ostean, Itsasaurrera aurreskuan joan ziren. Han dantza batzuk egin, eta Musika Plazan larrain dantza eginaz amaitu zuten aurtengo Kresala Eguna.
Orain, hemendik bi urtera elkarteak 50. urteurrena egingo du, eta hura prestatzen hasiak dira Kresala Elkarteko kideak.
Argazki galeria [nggallery ID=170]