
Joan den zapatuan inauguratu zuten Lekeitioko gazteek egun osoko jai handiagaz. Limoiondo bat landatu eta murala margotu zuten Plaza Baltzean eguneko ekitaldiei hasiera emanez.
Txapliguak bota eta Ondarroako buruhandi eta erraldoiekin batera kalejira egin zuten gazteek herriko ume, gaztetxo eta gurasoekin batera. Plaza Beltzean antolatutako jolas eta puzgarrietan ibili ziren gero. Asko izan ziren baita, urte osoko lanen emaitza ikusi eta gaztetxe berria ezagutzera hurreratu ziren herritarrak. Kukutzako kideen hitzaldia ere izan zuten. “Euren esperientziatik ikasi eta aurrera begira gaztetxe bat zelan aurrera atara jakiteko”, azaldu dute.

Bazkaria ere arrakastatsua izan zen eta 150 gazte elkartu ziren Plaza Baltzean prestatutako mahai luzean guztiak batera ospatzeko. Deiedra taldearen folk doinuek eta txapel jaurtiketak jarri zion giroa arratsaldeari.
Euria ere egin zuen, eta beraz, kaleko jaiak barruan eduki zuen jarraipena. Hala ere, ez zuen asko iraun, eta beraz, kalejira musikatuan atera ziren kalera gazteak udako prestatu duten egitarauaren berri emateko.

Gaueko kontzertuek bete egin zuten gaztetxea eta izakin guztiak amaitu zitzaizkien. “Harrituta geratu ginen ez genuen eta horrenbeste jende espero”, esan dute gazteek.
Egitasmoak
Zapatutik beraz, Lekeitioko gaztetxea zabalik dago eta martxan hasteko prest. Uztailetik aurrera herritar guztiei begirako egitarau zabala egongo dela aurreratu dute gaztetxeko kideek.
-
Martitzenak morez kolorekoak izango dira, eta feminismoaren eta emakumeen inguruko hainbat hitzaldi, tailer, mahainguru, dokumental eta abar eskainiko dituzte.
-
Eguaztenak herriko umeen egun moduan izendatu dituzte, eta pailazoak, ipuin-kontalariak, txotxongiloak eta beste hainbeste kontu egongo dira herriko txikinenentzako.
-
Eguenak indartzeko apustua ere egin dute. Horrela, asteko laugarren eguenean musika eskaintza ezberdinak, bertso saioak, monologoak eta abar antolatuko dituzte. Eta horrez gain kroketa-pote eskaintza berezija ere egongo da.
-
Domeketan, berriz, proiekzio ezberdinak egongo dira (dokumentalak, pelikulak…) eta baita lantzen dituzten gaietan sakontzeko solasaldiak ere.
Egun solteetan beste hainbeste ekintza, tailer eta ikuskizun ere prestatzeko asmoa daukatela azaldu dute gaztetxekoek. Bestalde, gaztetxea zabalik dagoela azpimarratu dute eta edozein eragile zein norbanakok zeozer antolatu nahi izanez gero bertan duela lekua, “herritxik eta herrijentzako”.
Abuztuen hasieran, jardunaldi batzuk egiteko asmoa ere badaukate. “Euskal Herriko Gaztetxe ezberdinetako esperientziak ezagutzeko aukera egongo da, eta Lekittoko Gaztetxiak aurrerantzian hartu beharreko bidea zein izan beharko litzatekeen eztabaidatuko dogu”, zehaztu dute.