Markina-Xemeingo Berdintasun Planaren diagnostikoa egiteko saioak amaituta, egin den lanaren balorazio positiboa egin du Udaleko Parekidetasun Batzordeak. Danetara, zortzi lan-saio egin dituzte eta 64 emakume eta gizonezkok hartu dute parte euretan, norbanakoak zein taldeetako ordezkariak.
Talde txikietan batu dira herritarrak, eta alor desberdinak landu dituzte: kultura, kirola, enplegua, hirigintza, garraio publikoa eta ingurumena, gizarteratzea eta osasuna, emakumeak, udala eta hezkuntza. «Herrian dauzkagun talde gehienen ordezkaritza egon da Berdintasun Planean», azaldu dute parekidetasun batzordeko kideek.
Gainera, parte-hartzaile guztiek aktiboki parte hartu dutela ere azpimarratu dute, «euren iritziak azaleratuz eta ideia berriak emanez».
Adin tarte zabala
Adinari dagokionez, gazteena 17 urtekoa izan da, eta nagusiena, 82 urtekoa. «Adin tarte bakoitzeko presentzia eta adin tarte zabala bermatu da beraz», zehaztu dute.
Gonbidapena jasotzean, herritarrek oso ondo erantzun dutela ere adierazi dute parekidetasun batzordekoek, eta euren iniziatibaz etorri direnak ere asko izan direla. «Horrenbestez, diagnostikoan parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu», aitatu dute.
Bestalde, plana herriarentzat izango dela gogora ekarri du parekidetasun batzordeak. «Ondorioz, herriak berdintasun plana elikatu eta bere egin behar du», esan dute.
Ekainaren amaieran diagnostikoaren emaitzak kaleratuko dira, eta udako etenaren ostean, irailean, plana osatzeko lan-saio bi egingo direla aurreratu dute, bat herritarrekin eta bestea udal barruan. Parekidetasun Batzordeak gonbidapen zabala egingo du udazkeneko lan-saiorako.