Bizkaiko Foru Aldundia Ventalaperrako multzoaren (Ventalaperra, El Rincon eta El Polvorin haitzuloak), eta Arenaza, Askondo eta Lumentzako haitzuloen erreplika birtualak eraikitzea aztertzen ari da. Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur goizean egin den Euskara eta Kultura Batzordean eman du ekimen horren berri Ariztondok. Labar-artea duten Bizkaiko haitzulo nagusien erreplika birtualak sortzea da asmoa, ondoren, Arkeologi Museoan ikusgai jartzeko eta kasuan kasuko udalerriaren esku jartzeko, udal mailan kudea dezaten.
Kulturako foru diputatuak adierazi du Lumentxako kobazuloan Paleolitoko horma-artea aurkitu izana oso garrantzitsua dela; horri buruzko zenbait datu eman ditu:
- Bizkaiko lurralde historikoan aurkitu den horma-arte paleolitikodun seigarren kobazuloa da. Venta Laperra (1904), Santimamiñe (1917), Arenaza (1963), El Rincón (2004) eta Askondo (2011) dira gainerakoak.
- Bestetik, dekoratutako kobazuloa Lea-Artibai eskualdean dago, eta inguru honetan giza okupazio asko egon ziren Azken Goi Paleolitoan (Santa Katalinako kobak, Lumentxa, Abittaga, Laminak II, Armiña, Atxurra eta Goikolau), baina orain arte ez zen horma-arte multzorik aurkitu.
- Animalien irudiak diseinatzeko bloke handi bat irudian txertatzea, bisonteak lerrokatzea eta zaldiari lotzea, hankak irudikatzeko modua eta perspektiban jartzea Madaleine aroaren amaierako berezko ezaugarriak dira (14.500 – 12.500).