Bizkaiak lurralde garapenerako estrategia berri bat behar duela uste du EH Bilduk, eta, horretarako, estrategia partekatuak adosteko prest daudela adierazi die EAJri. Era berean, alderdi interesak alboratzeko eskaera egin dio koalizioak alderdi abertzaleari. «Eskualdeak ardatz hartuko dituen estrategia» da beharrezkoa EH Bildurentzat, «harremantze eredu parte-hartzailea sustatuko duena, eskualdeetan ikuspegi eta pentsamendu estrategikoen garapena bultzatuko duena». Ildo horretan, Behargintzak «funtsezko eragileak» direla deritze; hala ere, gaur egun, abandonatuta daudela kritikatu dute.
Bizkaian dauden 21 Behargintzak bakoitzak bere errealitatea duela eta ez daudela Bizkaia mailako lurralde estrategia orokor baten baitan txertatuta salatu dute; «ez dago ez koordinazio ez eta ikuskaritza mekanismorik», dio koalizioak. Horregatik, uste dute egun Bizkaian ez dagoela lurralde garapen estrategia definiturik.
Behargintzen abandono horren ondorioak, gainera, eskualde eta udalek pairatzen dituztela azaldu du EH Bilduk; hala, «krisi ekonomiko sakon eta estruktural bati erantzuteko baliabiderik gabe» aurkitzen direla salatu du.
Bizkaian bizi duen «egoera sozial eta ekonomiko larriaren» aurrean, gainontzeko indar sozial eta politikoekin elkarlanean aritzeko prest agertu da EH Bildu. EAJri kanpaina egiteko garaia ez dela leporatu dio, «lanerako baizik». Alegia, egoerak hala eskatuta, konponbideak eskaintzeko garaia dela deritze.