Giro onean ospatu dira aurten ere Amalloko San Joan jaiak. Jende asko igo da tontorrera joan den barikuan hasi eta martitzenera arte luzatu diren jaietan parte hartzeko.
Barikuko mus txapelketetan 22 bikotek parte hartu zuten, baina, garaipena, Jabier eta Pellorentzat izan zen. Boloetan, berriz, Albizuri berriztarrak irabazi zuen.
Amalloko zaldi probak eta Eñaut Elorrietaren kantaldiak ere harrera ona eduki dute. Nabarniz jatetxearen, Jose Jabier
Maume-ren eta Motrolloren arteko norgehiagoka azkenak irabazi zuen. Silboa zaldiarentzat izan da beraz, Amalloko manta.
Goizean, meza eta ondoren urteroko erronka egon zen Amallon San Joan Egunean. Aurten 20 minutuko herri kirol desafioa egin dute: Urko Antzabal eta Xabat Agarre harri jasotzen ibili ziren, Joseba Amillagarai bizikletan eta Joseba Plaza korrikan, ermitari bueltaka. Antzabal eta Agarrek, bien artean, 20 minututan 121 bider jaso zuten harria eta Joseba Amillagarai eta Plaza, bien bueltak batuta, 89 izan ziren.
Osteko, herri bazkariak, bete egin zuen Amalloko elkartea. Bazkolostea, Mañukorta eta Ander Elortegi bertsolariek girotu zuten.
Bazkaltzen egon ziren askok hartu zuten parte 16:30etan hasita jokatu zen briska txapelketan. Danetara, 14 bikote aritu ziren jokoan, eta irabazleak Jesus Aldekoa eta Mª Dolores Ondarra izan ziren.
Umeena izan zen arratsaldea. Hasteko jolasak izan zituzten, eta pila bat ume ibili ziren beti betiko jokoekin gozatzen. Ondoren, Martin Bertsoren ipuina entzunda, Irrien Lagunarekin dantzan eta kantuan ibili ziren umeak.
Jaiekin amaitzeko,
zozketa egin zuten.
Zenbaki saritua 1.206 izan da, eta zortedunak 15 eguneko epea izango du
600 euroko saria eskuratzeko.
Ordezko zenbakia 5.922 izango da.