Denboraldiko lehen bandera astinduz hasi du KAE-1 Liga Isuntza Arraun Elkarteak. Erakustaldi ederra eman zuten Zumaian Lekittarra traineruko arraunlariek, liga borrokatzeko «indartsu eta gogotsu» daudela erakutsiz. Bide batez, gainera, KAE-1 Ligako lidertzan jarri da Lekeitioko taldea, denboraldiaurrean egin duen lan ona berretsiz.
Bi ikurriña irabazi zituzten iaz, Josu Aboitizen arraunlariek, eta aurten ere lorpen bera edo hobea izateko lan egingo dute. «Helburua play-off-etan sartzea izango da» dio Isuntza Arraun Elkarteko entrenatzaileak begirada TKE ligan jarrita.
Play-Off-etara heltzeko bidea, baina, ez da erraza izango Aboitizen ustez. «Ez dago beste urte batzuetan bezala, faborito argirik, printzipioz, hiru edo lau talde ibiliko gara goian eta aurredenboraldian ikusi denez, guztiok gabiltza antzerako mailan». Izan ere, Lekeitiok, Getariak eta Zumaiak, hirurak, garaipenak lortu dituzte aurredenboraldian, eta Ondarroa ere aurreko taldean ibiliko dela aurreikusten du Lekittarrako entrenatzaileak. «Udako garapenaren arabera ikusiko da taldeek gorantz edo beherantz egiten duten», dio.
Talde gaztea
Lekittarrako arraun taldeak aldaketak izan ditu aurten. Hogei gaztek egingo dute arraunean traineruan eta euretatik zazpi berriak dira. «Jende gaztea sartu da gogo eta ilusio handiagaz», azpimarratu du Aboitizek. Traineruan berriak dira, baina, ez ordea elkartean, arraunlari bakarra dago lehen urtekoa, beste guztiak urte asko daramatzate Isuntzan eta elkartea ondo ezagutzen dute.
Izan ere, harrobiko arraunlariak dira gehienak, Lekeitio edo inguruko herrietakoak. Hala ere, kanpoko lau arraunlari ere badaudela argitu du Aboitizek. «Arraunlari batzuk giroagatik hurreratzen dira elkartera eta gero jarraitzea erabakitzen dute», zehaztu du.
Iazko mailari eusten badiote beste gazte batzuentzako erakusleiho ederra izango direla uste du entrenatzaileak. Momentuz, horrelaxe dira, ez dute-eta hutsik egin.
Hurrengo hitzordua Elantxoben izango dute, domekan. «Zumaiako antzeko eremua da eta badirudi olatua egongo dela», aurreratu du Josu Aboitizek. Lekeitioko arraun taldea Zumaian egindako lan bikaina errepikatzera joango da. «Zumaia aurretik genuen, baina, arraunlariek, eutsi egin zuten eta aurrera egiteko gai izan ziren», gogoratu du Aboitizek. Elantxoben ere «borrokan» ibiliko dira Isuntzakoak.
Zumaian egindako estropadagaz gain, KAE-1 ligako beste 11 gehiago izango dituzte Isuntza elkarteko arraunlariek, euretako bat Lekeition bertan uztailaren 27an. Horretaz, gainera, beste hitzordu garrantzitsu bi ere badituzte uztailean: Bizkaiko txapelketa uztailaren 16an eta Euskadiko txapelketa uztailaren 31n. «Nahiz eta urduriago jarri herrian arraunean egitea gustuko dugu, estropada eremua ere ezagutzen dugu gainera», dio Aboitizek. Bestalde, itsasoko estropadak dituzte nahiago «bertan lortu izan ditugu-eta ikurriñak». Izan ere, Ondarroko eta Getariako ikurriñak irabazi zituzten iaz.
Play Off-erantz
2005eko Play-Offean TKEko postua galdu zuen Lekittarrak. Ordutik, KAE ligan gogor jardun dute lanean, egunen batean TKE ligarako sailkatzea lortzeko helburuagaz. Urtero, lehenengo lau traineruen artean ibili dira eta iaz ere ateetan egon ziren. Denboraldi honetan ere, ilusio horreri kolpeko diote gogor, Play Off-erantz arraun eginez.
Faboritoen artean egoteak eta denboraldiko lehen bandera lortzeak ere indarra eman die Lekittarrako gazteei eta entrenatzaileari. Zuhur egertu da Aboitiz, hala ere, aurten izan daitekeela dio. «Eta horretarako ahalegina egingo dugu», azpimarratu du. Horretarako, lehen postuan mantentzen ahaleginduko dira.
ARRAUNLARIAK:
Xabier Gutierrez. Lekeitio. 25 urte
Peru Vidal. Leioa.
25 urte.
Nikolas Vicuña. Eibar. 19 urte.
Mikel Goikoetxea. Erromo (Getxo). 21 urte.
Mikel Calleja. Lekeitio. 27 urte.
Ekhi Aboitiz. Lekeitio. 18 urte.
Markel Akarregi. Lekeitio. 26 urte.
Patxi Bilbao. Amoroto. 19 urte.
Koldobika Leniz. Gizaburuaga. 25 urte.
Kepa Aginaga. Gorliz.
35 urte.
Jurgi Gorostiza. Mendexa.
24 urte.
Julen Goitia. Lekeitio. 24 urte.
Jon Goitiz. Lekeitio. 24 urte.
Josu Badiola. Lekeitio. 25 urte.
Iñaki Goikoetxea. Lekeitio. 35 urte.
Jose Manuel Alonso. Zornotza. 31 urte.
Garikoitz Alday. Lekeitio. 26 urte.
Gontzal Piñel. Lekeitio. 24 urte.
Asier Lopez. Lekeitio. 25 urte.
Aritz Sanchez. Barakaldo.
33 urte.