Ondarroako Udalak eguen iluntzean egin zuen
udalbatzarrean Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarraren askatasuna eskatzen zuen mozioa onartu zen. Denetara Ibon Iparragirreren inguruko
bi mozio aurkeztu ziren. Alde batetik,
EAJk aurkeztu zuena, eta bestetik,
Iparra Galdu Baik plataformak aurkeztutakoa. Bi mozioak ildo berdinetik joan ziren; eguaztenean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordearen onartutako egitasmoaren ingurukoak izan ziren.
EAJk aurkeztu zuen mozioa aho betez onartu zen; Iparra Galdu Baik aurkeztutakoa EAJren aurkako botoekin onartu zen
EAJk aurkeztu zuen bere mozioa lehendabizi; bi puntu zituen. Lehenengo puntuan, pertsona guztien giza eskubideen alde agertu zen EAJ, eta, bigarren puntuan, Eusko Legebiltzarrak Espetxe Zuzendaritza Orokorrari egindako eskariarekin bat egiteko eskatu zuen. Mozioaren inguruko bozketan,
16 baiezko jaso ziren (9 EH Bildu eta 7 EAJ). Iparra Galdu Baik plataformak, EAJk aurkeztutako mozioari, beste bi puntu gehitzen zizkion beste mozio bat aurkeztu zuen eguenean egindako udalbatzan. «Adierazpenetatik ekintzetara pasatzeko urrats bat» modura aurkeztu zuen mozioa plataformak. Iparra Galdu Baikoek lehenengo puntuan Ondarroako udalbatzak Navalcarneroko (Espainia) kartzelako zuzendariari Ibon Iparragirreren egoerari buruz hitz egiteko eskatzen zuen. Azken puntuan, aurreko hiru puntuen berri komunikabideei ematea izan zen.
Iparra Galdu Baik plataformak aurkeztutako mozioa EH Bilduk emandako botoekin onartu zen; EAJ abstenitu egin zen.
PSEk orain arte eraman duen ildotik aldentzen hasi dela uste du Iparra Galdu Baik plataformak
Horrez gain, aurreko eguaztenean Eusko Legebiltzarrean onartutako egitasmoan
PSEren abstentzioa «kontutan hartzekoa» dela azaldu du Iparra Galdu Baik plataformak: «horrekin guztiarekin Ibonen kasua oso larria dela isladatzen da. PSE, zer edo zelan, orain arte eraman duen ildotik aldetzen hasi dela uste dugu. Plataformarentzako, EAJk eta EH Bilduk alde egitea eta PSEren abstentzio hori oso positiboa da. Gure ustez, PSEk urrats handi bat eman zuela deritzogu».
Ibon Iparragirreren senideek aurrez aurreko bisita egiteko aukera izan zuten domekan; oso urduri topa zuten
Bestalde, Iparragirreri aurreko astean aurrez aurreko bisitak kendu bazizkioten ere,
atzo Iparragirreren amak eta arrebak, ordu eta erdi inguru iraun zuen aurrez aurreko bisita egiteko aukera izan zuten. «Aurreko astean, isolamenduan dagoen bitartean, aurrez aurreko bisitak atzeratuko zizkiotela esan ziguten. Ez dakigu zergatik, inongo azalpenik barik, pasadan astean esandakoarekin kontraesanean, berak Ibonek esan zigun eguenean, aurrez aurreko bisita domekarako onartu ziotela. Oraingo astean aurrez aurreko bisita eman diotelako pozten gara, baina bere egoera oso larria da. Egoerari buelta ematea lortu behar dugu; aurrez aurreko bisitak berriro lortu ditugun bezala, isolamendu egoeratik atera, eta etxe kartzelan egotea nahiko genuke», aitortu du Gotzon Iparragirrek, Ibonen anaiak.
Preso ondarrutarra argalduta topatu bazuten ere, senideek pentsatzen zuten baino hobeto aurkitu zuten fisikoki. «Energia baduela ikusten zaio oraindik, baina,
oso urduri aurkitu zuten amak eta arrebak», gaineratu du Iparragirrek.
Isolamendu egoeran dagoenetik, familia kezkatuago dago Iparragirreren osasun egoeragatik. «Asko sufritzen ari da. Inkomunikazio egoera horrek zeharo aztoratuta dauka. Ama eta arrebarekin egon zen denbora horretan kontatzen zuen guztia sekulako esfortzuagaz kontatzen zuen». Preso politiko ondarrutarra bizitzen ari den
«egoera larria» kontutan hartuta, Madrilen ere hainbat inizitiba bultzatzen hasi dira Ibon Iparragirre Burgoaren senideak eta Iparra Galdu Baik plataformako kideak.